Gipuzkoako mugikortasun arduradunekin batuko dira bigarrenez bailarako alkateak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko ots. 13a, 12:30

Debagoieneko alkateek 2023ko azaroan egin zuten lehen batzarra Azahara Dominguez Mugikortasuneko diputatuarekin.

Pasa den azaroan egin zuten lehen batzarra, eta "elkarlanaren bidean pausoak emateko konpromisoa" hartu zuten bi aldeek; orain, bi plan lerrotan aritu nahi dute alkateek.

Debagoieneko alkateek jakinarazi dutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiko mugikortasun arduradunekin batuko dira bigarrenez; hitzorduaren data zehaztu gabe dute, baina jakinarazi dute Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuak batzeko "prestutasuna" adierazi duela. "Elkarlanaren bigarren hitzordu honetan autobus zerbitzua hobetzeko aurrerapausoak egingo direla ziur gaude", azaldu dute alkateek.

2023ko azaroan bildu ziren lehen aldiz Gipuzkoako Diputazioarekin "autobus zerbitzua hobetzeko asmoarekin", eta "positibotzat" jo zuten orduan eginiko bilera: "Elkarlanaren bidean pausoak emateko konpromisoa hartu zuten". Hain justu, adierazi dutenez, bilera hartan Debagoieneko "mugikortasun antolaketa plan berria egiteko beharra" identifikatu zuten, eta udalerriek plan estrategiko hori lantzeko "lankidetzarako prestutasuna" izan zuten. Bada, alkateek azpimarratu dute "plana egiteko beharren identifikazio lanetan" aritu direla, eta hori izango dela bigarren bileran aurkeztuko dutena.

Bi plan lerro

Bi lan lerro ireki nahi dituzte bailarako alkateek autobus zerbitzu publikoa hobetzeko asmoz. Batetik, zerbitzuaren funtzio eta misioari erreparatu nahi diote: "Debagoienaren barne zien kanpo konexioak oso murriztuta egon dira. Horregatik, beharrezkoa ikusten dugu, barne mailan, herri guztien arteko konexioak areagotzea, baina baita kanpo konexioak ere, beste eskualde edo eta hiriburuekin konektatzeko". Gainera, erantsi dute Debagoienak autobusa duela garraio publiko bakartzat, eta zerbitzua indartzea "tresna estrategikoa" izan beharko litzatekeela eskualdearen garapenerako.

Horrez gain, erabiltzaileen eskaeretan ere arreta jarri dute, hala nola ordutegiak eta autobus lineen arteko konbinazioak hobetzean, puntualtasuna bermatzean eta langile zein erabiltzaileen segurtasun arazoei konponbidea ematean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak