Bergaran egin du geldialdia gaur Ados pilota taldeak antolatzen duen binakako txapelketak eta bi debagoiendar lehiatu dira jaialdia osatu duten bi partiduetan.
Lehenengoan, Leire Galeano antzuolarrak eta Ainhoa Ruiz de Infantek osatutako bikote gorriak Etxekoloneak eta Mendiburuk osatutako bikote urdina izan du aurrez aurre. Urdinentzat izan da lehen tantoa, baina hortik aurrera gorriak izan dira nagusi uneoro markagailuan, 22-8 amaitu arte.
"Ez da erraza partiduak irabaztea; partidu guztiak dira zailak. Hemen ere ikusi da besteak 8an geratu arren ez dela erraza izan eta irabazteko gogor egin behar izan dugula", azaldu dute Galeanok eta Ruiz de Eginok behin egin beharrekoak eginda, eta gakoa non egon den galdetuta, tantoak egiteko presarik ez izatean erantzun dute. "Aukera dagoenean beti bota behar duzu, baina tantoak garesti daude eta asko defendatu behar dira".
Barrocalek, asko borrokatutako garaipena
Elastiko urdinarekin jokatu duten Maddi Barrocal bergararrak eta Naroa Agirrek osatutako bikotearen eta gorriz jokatu duten Ruiz de Larramendi eta Arrietaren arteko norgehiagokan, gauzak parekatuagoak izan dira. Gorriak izan dira markagailua estreinatu dutenak eta urdinek hainbat momentutan berdintzea lortu duten arren, gorriak ia beti aurretik joan dira 17-17 egin arte. Orduan aurreratu dira lehen aldiz Barrocal eta Agirre, eta momentu batean 18-21 ere izan da emaitza. Ruiz den Larramendik eta Arrietak ez dute amore eman eta hala, 21-21 berdintzea lortu dute. Azkenean Barrocalek eta Agirrek lortu dute 22ra heltzea.
"Partidu gogorra izan da, hasieratik genekien horrela izango zela. Maite Ruiz de Larramendik atzean oso ondo eusten du eta Eneritz Arrietarekin aurrean asko ibiltzen gara tiki-taka. Baina herrian jokatuta, eta jende asko hurbildu dela ikusita, oso gustura nago irabazi izanarekin", azaldu du Barrocalek partidua bukatutakoan.