Debagoieneko autobus zerbitzua hobetzeko eskaria egin du bailarako EH Bilduk

Julen Murua Mesonero 2024ko ots. 8a, 17:21

Lurraldebuseko autobusak Arrasateko Zalduspe geltokian.

Gipuzkoako Foru Aldundiari eginiko eskaeren artean aurkitzen dira linea eta maiztasun gehiago izatea, ordutegiak hobetzea eta puntualtasuna bermatzea.

Datozen asteetan Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batuko direla iragarri du Debagoieneko EH Bilduk, bailarako "autobus zerbitzuak dituen arazoei irtenbidea" emateko helburuarekin, izan ere, eskumena Aldundiarena da. Udazkenean batzartu ziren azkenekoz Aldundiko eta Debagoieneko EH Bilduko ordezkariak, eta "arazoa konpondu gabe" dagoela gogorarazi nahi izan dute azken horiek, ohar bidez.

Hori guztia kontuan izanik, EH Bilduk "estrategikotzat" jotzen du bailarako mugikortasunaren eta garraio publikoaren gaia, eta, ondorioz, Aldundiarekin egitea aurreikusten duten bileran "koalizioarentzat lehentasunak diren urgentziak" plazaratu nahi dituzte: "Besteak beste, linea eta maiztasun gehiago, ordutegiak hobetzea, puntualtasuna bermatzea, informazio handiagoa izatea eta segurtasun arazoei aurre egitea; langileena eta erabiltzaileena".

Elkarlanerako prest

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Debagoieneko EH Bilduk ez dute akordiorik lortu orain arte eginiko bileretan; hala ere, bailarako koalizioak "prestutasun osoa" adierazi du "urgentziazkoa den afera horri irtenbidea emateko".

Gaineratu dute eurak prest egon daitezkeela "momentu jakin batean" udaletan dituzten "baliabideak erabiltzeko mugikortasunean dauden beharrei erantzuteko; beste momentu batzuetan ere egin izan dugun bezala gure eskumenekoak ez ziren gaietan, herritarren ongizatea bermatzeko helburuarekin". Hala ere, bailarako EH Bilduk uste du "erakunde bakoitzak bere eskumenekoak diren gaietan erantzun behar duela", eta, hori dela eta, "Foru Aldundiari arduraz jokatzeko" eskatzen diote; kasu horretan, "autobus zerbitzuan beharrezkoak diren inbertsioak burutuz".

Gai estrategikoa

Bailarako autobus zerbitzu publikoaren gaia urgentea izateaz gain "estrategikoa" ere badela adierazten du EH Bilduk: "Eskualdeko milaka herritarrek erabiltzeaz gain, eta trantsizio ekosoziala beharrezkoa den une honetan, garraio publikoa indartzea estrategikoa da. Horregatik, konpromisoa hartzen dugu epe luzera begirako bestelako mugikortasun eredu bat marrazteko eskualdeko eragile eta norbanakoekin elkarlanean”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak