'Goiena 0km gida' etxerik etxe

Julen Murua Mesonero 2024ko ots. 6a, 15:07

2024ko Goiena 0km gida-k; atera dituzten hiru bertsioak.

Leintzeko gida, Bergara aldeko gida eta Oñatiko gida argitaratu ditu Goienak, eta gaur, martitzena, hasi dira banatzen; aurreikusten da astebetean guztiak banatuko direla. Horrez gain, gidaren bertsio digitala eskuragarri dago Goiena.eus-en eta Goienaren eskuko telefonorako aplikazioan.

Beste urte batez, debagoiendarrek Goiena 0km gida jasoko dute euren etxebizitzetan, eta 2024koak ere bailarako negozio guztien gaineko informazio eguneratuena eta osatuena jasoko du. Aurtengo berrikuntza gisa, paper diseinu berria izango du gidak. Guztira, 18.100 gida banatuko dituzte bailara osoan, eta hiru liburuxka ezberdin izango dira, lurraldearen arabera banatuta: Leintzeko gida Arrasaten, Aretxabaletan, Eskoriatzan, Leintz Gatzagan eta Aramaion banatuko da; guztira, 9.000 ale. Bergara aldeko gida Bergaran, Antzuolan eta Elgetan banatuko da; guztira, 5.800 ale. Eta, azkenik, Oñatiko gida herrian bertan banatuko da; guztira, 3.300 ale.

Zero kilometrokoari garrantzia

Urtero legez, Goiena 0km gida-k zero kilometro kontzeptuari garrantzi berezia eman dio, tokiko negozioak sustatu nahi dituelako eta erabiltzaileei bertako informazioa eskura eman nahi dielako. Gidan ia 3.000 negozioren telefono-zenbakiak agertzen dira, eta, horrez gain, erabiltzaileek negozio horien eskaintzak, zerbitzuak eta ordutegiak ezagutzeko aukera izango dute. Erabiltzaileentzat ez ezik, saltokientzat ere oso baliagarria izango da gida, era horretara, haien zerbitzu eta produktu guztiak ezagutzera emateko aukera izango dutelako. Goiena 0km gida eskuragarri egongo da GOIENA aldizkaria jasotzen duten guztientzat eta gidan publizitatea egiten duten bezeroentzat. Gaur, martitzena, hasi da gidaren banaketa, eta aurreikusten da astebetean gida guztiak banatuko direla. Norbaitek gida jaso nahi badu Goienara deitu (943- 25 05 05) edo publi@goiena.eus helbide elektronikora idatzi beharko du.

Datorrena, 25. urtea

Dagoeneko 24 gida argitaratu ditu Goienak, eta datorren urtekoa 25. urtea izango da gida argitaratuko duena. Urte hauetan guztietan gidaren erabilera oso handia izan da, eta, gaur egun ere izaten jarraitzen duenez, horren aldeko apustua egiten jarraitu nahi du Goienak. Hala ere, gida digitalak indarra hartu duela ere badakite, eta haren eguneratzean ere lanean jardungo dute.

Digitalean eskuragarri

Bailarako etxebizitzetara gida paperean iritsiko bada ere, Goiena 0km gida-k badu bertsio digitala; izan ere, Goiena.eus webgunean eta Goienaren eskuko telefonoko aplikazioan ere kontsulta daiteke gida komertziala. Beraz, behar duenak eskuragarri izango du etengabe eguneratzen eta osatzen ari den Goiena 0km gida bertsio digitalean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak