Debagoieneko taldeak ere presente egongo dira Katapulta Tour Gipuzkoa programaren 2024ko edizioan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuak eta Kutxa Fundazioak bultzatutako proiektuan Erromintxelak musika talde arrasatearra eta besteak beste Iker Plazaola oñatiarrak osatutako Lauzpabost Standup bakarrizketari taldea egongo dira. Hauekin batera Akaleia, Esanezin, Indabe, Latido, Noir Socha, Pelax, The Donkey Riders eta Kalte Kolektiboak hartuko dute parte programan. Proiektuaren helburuak musikaren eta arte eszenikoen esparruan talentu gipuzkoarra bultzatzea, Gipuzkoako eszena dinamizatzen laguntzea eta prestakuntzaren zein saiakuntzaren aldeko apustua egitea dira.
Aurtengo edizioan musikako 121 proiektu eta arte eszenikoetako 18 aurkeztu dira, eta horietatik 10 izan dira aukeratuak, 8 musikan eta 2 arte eszenikoetan. Programak 4 emanaldi egiteko aukera emango die artistei, prestakuntza programa bat izateko eta entseguak egiteko espazio baterako aukerarekin batera. Emanaldi bakoitzeko 400€-ko diru laguntza jasoko dute taldeek.
Erromintxelakeko kideak Jon Garcia (gitarra eta ahotsa), Aitor Moreno (kontrabaxua), Iñigo Zubizarreta (gitarra), Mikel Maniega (tronpeta) eta Jokin Vitoria (bateria eta perkusioa) dira. Iker Plazaolarekin batera Maria Blancok, Mikel Irazustak, Julen Portillok eta Maialen Sorzabalberek osatzen dute Lauzpabost Standup taldea.