EAJk batzarra egin zuen pasa den zapatuan, hilaren 27an, Durangon (Bizkaia), eta Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako zerrenden berri eman zuen. Imanol Pradales izango da lehendakarigaia, eta Bakartxo Tejeria, berriz, Eusko Legebiltzarreko presidente izateko hautagaia. Horrez gain, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zerrenda proposamenen berri ere eman zuten, eta, tartean, badira debagoiendarrak.
Hain justu, 30 hautagaik osatzen dute Gipuzkoako zerrenda, eta zazpigarren dago Elena Lete bergararra. 58 urte ditu eta arkitekto teknikoa da ikasketaz. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendua eta Hirigintza saileko zuzendaria izan zen 2013-2015 urteen artean, eta baita Bergarako alkate ere 2016-2019 aldian; egun, legebiltzarkidea da. Are gehiago, hurrenez hurren du Aitor Urrutia eskoriatzarra. 50 urte ditu eta zuzenbidean lizentziaduna da. Antzuolako Udalean zinegotzia izan zen pasa den legegintzaldian, eta, gaur egun, legebiltzarkidea da.
Bi proposamen horiez gain, ordea, badira beste bost ere. Esate baterako, zerrendako lehen hamarren artean da –zehazki, hamargarren– Marijo Etxegoien oñatiarra. 49 urte ditu eta Urrutiaren eran, zuzenbidean lizentziaduna da. Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasuneko masterra du egina, eta aholkulari juridikoa da Emakunden. Oñatiko Udalean zinegotzi izandakoa da 2003-2007 eta 2015-2023 aldietan.
Debagoiendar gehiago zerrendan
Zerrendan atzerago ere badaude debagoiendarrak. Agurne Juldain 44 urteko arrasatearrari dagokionez –22. hautagaia da zerrendetan–, Bidean Heziketa Zentro Okupazionaleko arduraduna ez ezik, Arrasateko Udaleko zinegotzia ere bada. Iosu Ezkurdia 56 urteko eskoriatzarra –23. hautagaia–, berriz, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko Administrazio Kontseiluko kidea da, eta Eskoriatzako Udaleko EAJren bozeramailea. Horrez gain, zerrendan da –24. hautagaia– Xabier Otxoa 31 urteko aretxabaletarra ere: ingeniari zibila da ikasketaz eta jardun politikoari dagokionez, Aretxabaletako Udalean zinegotzi izan zen pasa den legegintzaldian; egun, Usurbilgo udalean dago. Azkenik, Maite Agirre 36 urteko bergararra ere zerrendan da –29. hautagaia–. Bergarako Udaleko zinegotzia da 2015az geroztik, eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasuneko masterra du egina; are gehiago, enpresa administrazio eta zuzendaritzan gradua du.