Bigarren itzulia hasteko, areto-futboleko derbia

Mireia Bikuña 2024ko urt. 26a, 10:00

Mondrate eta Eskoriatza taldeak dinamika onean helduko dira partidura –zapatua, 19:15, Manuel Muñoz kiroldegia–. Baina, dinamikak dinamika, bien artean hemeretzi puntuko aldea dago sailkapenean. Harmailak lepo beteko dira

Areto-futboleko Hirugarren Mailak bete du denboraldi erdia Mondratek eta Eskoriatzak bigarren itzulia hasiko dute, egoera oso ezberdinean: arrasatearrak sailkapenaren goialdean eta eskoriatzarrak erditik beherako postuetan. Bada, hamaseigarren
jardunaldian elkarren kontra jokatuko dute. Alegia, derbia egongo da zapatuan, Manuel Muñoz kiroldegian, 19:15ean. "Giro ederra egongo da harmailetan. Gure zaleek ez dute hutsik egingo, eta Mondraterenek edonoraino jarraitzen dute taldea. Beraz, lepo beteko dira harmailak", esan du Eskoriatzako kapitain Aratz Kortazarrek.

Elkar ezagutzen dute

Derbi guztiak bereziak izaten dira, eta teorian, sailkapenari begiratu gabe, berdinduak. Baina bi taldeek badakite zer ezaugarri dituen besteak. "Ez zuten denboraldia ondo hasi, baina bolada onean datoz. Eskoriatzak talde sendoa dauka, jokalari gazteekin eta beteranoekin. Halako partiduetan oso adi egotea komeni izaten da. Detaileek erabaki dezakete derbia", esan du Mondrateko
entrenatzaile Xabier Gorroñogoitiak.

Mondrate Hirugarren Mailako laugarren talderik golegileena da, eta hori ondo dakite Eskoriatzan. "Puntuek esaten dute nolako denboraldia egiten diharduten. Baina esango nuke bereziki eraso indartsua duela Mondratek. Gol asko sartzen dituzte, eta espazioa topatzen duten momentuan atera jaurtitzen dute. Adi egon beharko dugu", azpimarratu du Kortazarrek.

Elkar ezagutzen dute

Lehen itzuliaren ostean, Eskoriatza hamabigarren postuan
dago sailkapenean, hamabost punturekin. Azken bi lehiak irabazi ditu, baina, batez ere, denboraldi hasierako lehen bost porrotek markatu diete urtea. "Ezagutu dudan denboraldi hasiera txarrena egin dugu, horrek dakarren guztiarekin. Baina talde izaera indartu egin dugu, eta bagoaz bidean aurrera", dio Kortazarrek.

Mondrateren egoera oso bestelakoa da: bigarren daude, 34 punturekin. Lehen lekua begiz jota dute. "Hori da erronka eta helburua: Antiguoko harrapatzea", esan du entrenatzaileak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak