Biotz Aloña Mendi nagusi Labegaraietako derbian (45-55)

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko urt. 21a, 20:49

Uneoro aurretik izan dira markagailuan, eta, Soraluce BKEk neurketa estutu duen arren, ederki aprobetxatu dute zuten abantaila oñatiarrek. Bigarren garaipena jarraian izan da Aloña Mendirentzat, eta gainera bergararrak harrapatu dituzte sailkapenean

Beheko postuetatik irtetzeko borrokan dauden taldeen arteko derbia jokatu da Labegaraietan. Soraluce BKEk hiru garaipen zituen eta Biotz Aloña Mendik, berriz, bi; gaurko neurketaren ostean berdinduta daude sailkapenean.

Lehen unetik garbi gelditu da neurketa gogorra eta estua izango zela. Erasoan kamuts aritu dira bi taldeak, irtenbideak aurkitu ezinik eta saskiratzeko arazoekin; defentsako lanak hartu du garrantzia guztia. Lehen laurdenera hobeto kantxaratu dira txantxikuarrak eta erritmo bizia jarri diote neurketari. Minutu on horiek aprobetxatu dituzte hamar puntu baino gehiagoko abantaila lortzeko. Bigarren laurdenetik aurrera, ordea, neurketa gogortu egin da, Soraluce BKEk bere jokoa inposatzen saiatu delako. Etxekoak gutxinaka bada ere suspertzen hasi dira eta atsedenaldira lau puntuko aldearekin iristea lortu dute; 27 eta 31 zen emaitza.

Aldageletatik bueltan dinamika berean jarraitu du norgehiagokak, defentsan gogor eta erasoan asmatzeko arazoekin. Borroka horretan, Aitor Ugarteren jokalariak nagusitu dira, defentsan lan hobea eginda. Azken laurdenean beste errenta txiki bat lortu dute kanpotarrek eta ederki kudeatu dute abantaila hori, bigarren garaipena erreskan lortzeko, eta sailkapenean bergararrak harrapatzeko. "Oso pozik gaude egindako partiduarekin. Lehen itzulia amaitzen ari gara eta urte berria bi garaipenekin hastea oso garrantzitsua da. Gainera, min hartuta dauden jokalariak ere berehala izango ditgu prest. Partiduz partidu joan behar dugu, baina garrantzitsua da era berean beste taldeak sailkapenean harrapatzen joatea" adierazi du Aitor Barreiro Biotz Aloña Mendiko jokalariak. 

Txanponaren beste aldean dago gaur Soraluce BKE. "Huek dira irabazi behar diren partiduak. Etxean indartsu egin behar gara, etxetik kanpo irabaztea asko kostatzen delako. Kategoria honetan jendeak beste maila bat du eta akatsak garesti ordaitzen dira" aitortu du Manex Bengoa Soraluce BKEko jokalariak. 

Hurrengo jardunaldian Aloña Mendik Zornotza jasoko du etxean eta Bergarak berriz, Araberriri egingo dio bisita.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak