Mondraren eta Aloña Mendiren arteko derbira 30 minutu berandu iritsi denak ez du apartekorik galdu, gauzak diren moduan. Izan ere, derbiak izan ohi duten ezaugarri guztiak bete dira partiduko tarte horretan: errespetu handia bi taldeen artean, eta berdegunean joko nahasia. Hala ere, seguruenik etxean jokatzen zutelako edo, arrasatearrak izan dira erasorako joera handiagoa izan dutenak, edo, oñatiarren areatik gertuago ibili direnak. Hala, atsedenaldira joan aurretik Andonik asmatu du 1-0ekoa egiten, eta bigarren zatian 2-0ekoa etorri denean –Menak egindakoa– neurri handian partidua amaitu da.
Aloña Mendikoak saiatu dira erasora egiten, baina Mondraren presio itogarriak ez die gaur askorik egiten utzi, eta txantxikuarrek ez dute ohiko talde lehiakorraren itxura erakutsi. Bada, 83. minutuan Iker Pavonek ezker hegalean baloia jaso eta bakarkako jokaldian areara gerturatu ostean egindako jaurtiketa ikusgarriarekin amaitu da norgehiagoka. Mondrak gertuago du igoera, nahiz eta asko geratzen den. Hala ere, Aloña Mendikoek adierazi dute ez dutela amorerik emateko asmorik. Esandako moduan, liga geratzen da oraindik.
Ohorezgo erregionalean, Bergara eta UDA bikain
Maila bat gorago Bergarak eta Aretxabaletak launa gol egin dituzte. Bergararrek 4-0 irabazi diote Elgoibarri, eta aretxabaletarrek 4-1 Amaikak Bati. Hala, UDAk lider jarraitzen du, eta Bergara bosgarren dago. Mutrikuk ezik, aurrealdeko gainontzeko taldeek ere ez dute hutsik egin.