Denboraldiko lehenengo derbia jokatuko dute Labegaraietan

Julen Murua Mesonero 2024ko urt. 19a, 12:00

Iaz Labegaraietan jokatu zuten derbiko irudia. Argazkia: Imanol Soriano

Aurrenekoz jokatuko dute elkarren aurka Soraluze BKEk eta Biotz Aloña Mendik, domekan (18:00)

Sailkapeneko beheko postuetan daude Soraluze BKE eta Biotz Aloña Mendi, eta domekan elkarren aurka jokatuko dute Labegaraietan, arrisku-postuetatik urruntzen hasteko asmoz.

Azkenengo jardunaldian lortutako emaitzak guztiz ezberdinak izan dira bi taldeentzat; izan ere, mahoneroek 85-67 galdu zuten Azpeitiko Disdira Bitxitegia taldearen aurka eta oñatiarrek, berriz, denboraldiko garaipen onena lortu zuten Amurrioren aurka, 90-42 irabazita. Hala ere, bergararrek orain arte lortu dituzten hiru garaipenetatik bi etxean izan dira, eta, horrez gain, Easok, sailkapeneko liderrak, gorriak ikusi zituen Labegaraietan garaipena lortzeko. Hain zuzen ere, bergararrak, oñatiarrek baino garaipen bat gehiago izateagatik, aurretik dira sailkapenean, baina txantxikuarren garaipen batek berdinduta utziko lituzke sailkapeneko beheko postuak.

Bi taldeak "gogotsu"

Urteko lehenengo derbia jokatuko dute Labegaraietan bergararrek eta oñatiarrek, eta bi taldeetako entrenatzaileek aitortu dute "gogo handiarekin" daudela taldeak elkarren aurka jokatzeko. Xabat Irazola Soraluze BKEko entrenatzaileak dio taldea jokatzeko gogo handiz dagoela: "Gabonak ezkero ari gara partida honetaz hitz egiten, eta derbia urteko lehenengo partida zela zirudien". Aitor Ugartek ere derbia irabazteak duen garrantzia nabarmentu du: "Derbiak irabazi egin behar dira, berdin da ondo edo gaizki jokatuta; beraz, guztia ematera irtengo gara kantxara".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak