Hiru puntu baino askoz gehiago daude jokoan

Julen Murua Mesonero 2024ko urt. 19a, 10:00

Kategoriako bi talde onenek elkarren aurka jokatuko dute domekan Mojategin (16:30). Mondra da liderra, baina Aloña Mendik oso gertutik jarraitzen du. Derbia erabakigarria ez, baina oso garrantzitsua izan daiteke bi taldeentzat.

Ohorezko Erregional Mailara igotzeko lehian ari dira Mondra eta Aloña Mendi, eta domeka
arratsaldean, denboraldi hasieratik egutegian gorriz markatuta duten derbia jokatuko dute bi taldeek Mojategin. Gorengoen Mailako bigarren multzoko liderra da Mondra, 38 punturekin; eta Aloña Mendi dute atzetik, 31 punturekin. Zuri-moreek etxean jokatutako zortzi partidetatik zazpi irabazi dituzte, eta bakarra berdindu. Oñatiarren kasuan, Azkoagaindik kanpo jokatutako partidetan ez dute lehiarik galdu. Kategoriako bi oilarren arteko neurketa izango da, beraz, Mojategin jokatuko dena.

Hiru puntu baino gehiago

Derbiek beti izaten dute beste neurketa batzuek baino berezitasun handiagoa, eta asteburu honetakoak, are handiagoa. Zazpi puntuko aldea dago bailarako bi taldeen artean, eta garaipena erdiesten duen taldeak hiru puntu baino gehiago eskuratuko ditu. Garaipena zuri-moreek lortuz gero, hamar puntuko errenta lortuko lukete; bestalde, hiru puntuak oñatiarrek eskuratuz gero, lidertzatik lau puntura geldituko lirateke, eta horrek arrasatearren itzalean jarraitzea eragingo luke. Igoera zuzenarekin amesten jarraitzen dute bailarako bi taldeek, eta, derbia erabakigarria ez den arren, oso neurketa garrantzitsua izango da denboraldiaren bilakaerarako.

Garrantzi handiko partida

"Momentuz denboraldiko partida garrantzitsuena" dela dio Aitor Azkaratek, Mondrako kapitainak, asteburuko derbiaz hitz egitean, eta Auritz Larrea Aloña Mendiko kapitainak ere
"garrantzi handiko partida" dela adierazi du; izan ere, hiru puntuak erabakigarriak izan daitezke Ohorezko Erregional Mailarako igoerari begira. Hala ere, Larreak dio "30 jardunaldiko liga batean neurketa guztiak" direla garrantzitsuak, eta bai Azkaratek eta baita Larreak berak ere espero dute Mojategitik etxera eramatea hiru puntuak.

Bailarako gainontzeko taldeak

Kategoria berean, Antzuolak Ilintxaren bisita jasoko du Eztalan. Gizonezkoen Ohorezko Erregional Mailan, UDAk eta Bergarak etxean jokatuko dute, Amaikak Baten eta Elgoibarren aurka, hurrenez hurren, eta Emakumezkoen Ohorezko Erregional Mailan, Debagoiena Bailarak Azpeitiko Lagun Onaken aurka jokatuko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak