Liderra nagusi izan da Debagoiena Bailararen aurka (1-5)

Julen Murua Mesonero 2024ko urt. 13a, 17:21

Mariño Real Union taldearen bisita jaso du Debagoiena Bailarak Ibarra futbol zelaian gaur arratsaldean, eta liderrak lehen postua berretsi du sailkapenean.

Liderraren aurkako partidak beti dira zailak, eta are gehiago denboraldi osoan partida bakarra galdu duenean. Hala ere, hiru puntuak lortzeko asmoz zelairatu dira Debagoiena Bailarako jokalariak, eta atsedenaldira 0-2 iritsi badira ere, talde donostiarraren aurka lehiatzeko gai izan dira.

Atsedenalditik bueltan, Maddi Lasak debagoiendarren gol bakarra sartu eta markagailuko aldea gol bakarrera murriztea lortu du. Bazirudien Aitor Guridiren taldeak ez zizkiola gauzak erraz jarriko Mariño Real Unioni, baina liderrak erakutsi du zergatik dagoen kokatuta sailkapeneko lehenengo postuan, eta minutu gutxiren baitan sartutako bi golekin, partida erabakita utzi dute kanpokoek. Emaitzak tarte handia erakusten badu ere, Guridik aitortu du taldeak "lan oso handia" egin duela eta donostiarrek markagailuan ihes egin arte "liderra eusteko gai" izan direla. 

Datorren asteburuan Azpeitia aldera joko dute Lagun Onak taldearen aurka jokatzeko, eta jardunaldi horren ostean, bigarren itzuliari ekingo diote Antiguokoren zelaia bisitatuz. Guridik dio "taldea itxura hartzen" ari dela, eta bigarren itzulian aterako dituztela lehenengoan atera ez dituzten puntuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak