Gaurtik aurrera, maskararen erabilera nahitaezkoa da osasun zentroetan

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko urt. 10a, 13:03

Espainiako Osasun Ministerioa autonomia erkidegoetako ordezkariekin batzartu da, eta, ia guztiak aurka agertu arren, Espainiako Gobernuak derrigortasuna ezarri du.

Gaur eguerditik aurrera, maskara erabiltzea derrigorrezkoa da Hego Euskal Herriko osasun etxeetan eta ospitaleetan eta, ondorioz, baita Debagoienekoetan ere. Farmazietan eta osasunarekin zerikusia duten bestelako zentroetan, ordea, ez da nahitaez erabili beharko, Monica Garcia Espainiako Osasun ministroaren arabera, "gomendagarria" izan arren.

Espainiako Osasun Ministerioak hartu du erabakia, Espainiako Osasun Sistemaren Lurralde Arteko Batzordean autonomia erkidego gehienek ezezkoa adierazi dioten arren asteon. Hain justu, astelehenean batzartu ziren lehen aldiz, urtarrilaren 8an, eta gaur izan dute bigarren batzarra, autonomia erkidegoek bi eguneko epea baitzuten proposamena aztertzeko eta alegazioak aurkezteko. Alabaina, usteak uste, Madrilek, azkenean, bere iritziarekin aurrera jarraitzeko hautua egin du.

Eusko Jaurlaritzak ez ditu babesten mahai gainean jarritako erabakiak, eta Gotzone Sagardui Osasun sailburuak azpimarratu du jada ematen dituztela osasun gomendioak gripearen aurkako txertaketa kanpainaren ondoren. Are gehiago, erantsi du Monica Garcia Espainiako Osasun ministroak ez dizkiela arnas aparatuari eragiten dien birusen datuak eman. "Ez dago proposatutako neurrien eraginkortasunari buruzko ebidentzia zientifikorik, ezta proposamenak oinarritzeko txostenik ere; esate baterako, osasun zentroetan maskara erabiltzearen unibertsalizazioa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak