Urkulu ia %72ra iritsi da azken egunetako prezipitazioei esker

Mirari Altube Arrese 2024ko urt. 8a, 07:10

Urkulu urtegia, atzeko mendi tontorretan elurra ikusten dela.

Urtarrileko lehenengo aste bukaerak euria eta hotza ekarri du, baita mendi tontorretara elurra ere. Horren ondorioz, Urkulu urtegiak ur gehiago du, eta gaur, urtarrilak 8, %71,87koa da haren betetze maila.

Urtarrilaren 5etik 7ra bitartean Euskalmetek Debagoienean dituen estaziotan neurtutako prezipitazioak honakoak izan dira (litro metro koadroko): Arrasaten, 60,4; San Prudentzion, 48,3; Oñatin, 53,7; eta Urkulun, 47,7.

Horren eraginez, Urkuluren betetze mailak ia hiru puntu egin du gora egubakoitzetik, orduan %69an zegoelako.

Prezipitazioez gain hotza izan da protagonista egunotan. Atzo, domeka, 5 eta 6 gradu artekoa izan zen Debagoieneko bataz bestekoa eta baxuenak Urkuluko estazioan jaso zituzten: 3,1 gradu minimoa eta 7,4 gradu maximoa.

Iragarpena

Gaur, astelehena, eguraldiak ildo beretik jarraituko duela lehenengo partean iragarri du euskal meteorologia agentziak: zerua oso hodeitsu eta elur-kota 600 eta 800 metro artean. Arratsaldean atertu egingo du eta ostarteak zabalduko dira; horregatik eguneko tenperatura minimoak azken orduetan neurtuko dira; gauean, gainera, izotza egingo du barnealdean. Tenperatura maximoak ere jaitsi egingo dira, 2 eta 7 gradu artean izanik.

Martitzenean, egunaren hasieran, izotza egingo du barnealdean eta tenperatura maximoak gradu pare bat baxuagoak izango dira, 0 eta 5 gradu artean izanik. Arratsaldean haizea ipar-ekialdetik finkatuko da eta hotz-sentsazioa areagotu egingo du orduan. Goizean goiz lanbroa eta lainoa agertuko dira eta hegoaldeko zenbait lekutan ez du jasoko eguerdira arte. Arratsaldean hodeiak ugaritu egingo dira, barnealdetik hasita, eta hortik aurrera zerua estalita egongo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak