Avanza Taldeko langileek, ELAk jakinarazi duenez, autobusen egoera "kaskarrak" eragindako arazoak salatu dituzte, izaten dituzten "matxurak eta arrisku egoerak" nabarmenduta. Izan ere, azaldu dutenez, Azahara Dominguez Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko diputatuak azaroaren 29an adierazi zuen ez zegoela arazorik, baina erregistroek ez diote gauza bera: "Egun batzuk lehenago, Gipuzkoako Foru Aldundian, konpondu gabe bi hilabete baino gehiago zeramatzaten matxura kopuru handia jasotzen zuen zerrenda erregistratu zen".
Matxura eta arazoei dagokienez, beharginek hainbat nabarmendu dituzte: "Aurreko kristala garbitzeko lurrunaren aurkakorik gabeko autobusak, potentzia galerak ibilbidean zehar, olio eta likido hozgarrien galerak, irekitzen ez diren maletategiak eta argitzen ez duten argi sistemak, besteak beste". Haien arabera, matxurak ez dira konpontzen, eta autobusek, beraz, berdin jarraitzen dute. "Arrisku egoerak ere sortzen dira. Duela gutxi gertatu zen, zorionez ondorio larririk gabe, autobus batek gurpila galtzea martxan zihoala".
Autobus falta
Taldeko langileek enpresak zerbitzuari erantzuteko autobus nahikorik ez duela adierazi dute, eta, beraz, Diputazioak "dagoeneko erretiratuta egon beharko liratekeen" autobusen iraupena luzatzea baimendu duela. "Kanpoko enpresei zerbitzuak azpikontratatzen ari zaizkie, eta zerbitzuak bertan behera uzten ari dira ibilgailu faltagatik".
Hala, Avanza Movilidad Gipuzkoako enpresa batzordeak ikuskapen gehiago eskatu ditu ibilgailu zein instalazioetan, erabiltzaileen eta langileen segurtasuna bermatzeko.