Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 45 pertsona hil dira 2023an errepideetako trafiko istripuetan. Estibaliz Olabarri Trafikoko zuzendariak eman ditu azalpenak, eta jakinarazi du "istripu-tasak azken urteotako beheranzko joera finkatu duela", Gipuzkoan izan ezik. Hain justu, hiru lurraldeetan, 2022an baino biktima bat gehiago izan zen iaz, baina 2019an baino sei gutxiago. Are, heriotzetako bat Bergaran gertatu zen, iazko abuztuaren 3an.
Heriotzen kasuei dagokienez, Olabarrik zehaztu du hildakoen %47 "kolektibo zaurgarriren batekoa" izan dela: 11 motor gidariak izan dira –2022an, hamalau–; zortzi oinezkoak –2022an, hamabost–; eta, bi, txirrindulariak –2022an, bakarra–. "2023an kolektibo zaurgarrietako hildakoen ehunekoa %32 jaitsi da 2022arekin alderatuta", esan du Trafikoko zuzendariak, motozaleen kolektiboan arreta jarrita. "Beherakada nabarmena izan dute, 11 biktimarekin, azken urteetako kopururik txikiena izan baita".
Beheranzko joera
Urtez urteko datuei erreparatuz gero, Olabarrik nabarmendu du "beheranzko joera mantendu" egin dela 2000.urtetik: "Orduan 218 pertsona hil ziren, 2010ean 67, 2019an 51 eta 2023an 45".