Gurutze Gorriak, Jostailu hezitzailea kanpainari esker, Debagoieneko 260 haurri banatu dizkie jostailuak, eta Javier Igartua presidenteak eskerrak eman dizkie kanpainarekin bat egin eta dohaintzak egin dituzten herritarrei. Horretarako, 25 boluntario aritu dira jardunean, eta eurek eginiko lana ere goraipatu du. "Gurutze Gorriak Debagoienean dituen proiektuak boluntarioek beraiek bultzatzen dituzte, eta egindako ekarpena eskertzen dugu, Gurutze Gorriak gure eskualdean egiten duen gizarte-ekintza guztiaren benetako motorra baitira".
Emandako datuen arabera, "zaurgarritasun egoeran" dauden familiek jaso dituzte dohaintzak, 12 urtetik beherako seme-alabak dituztenek eta bailaran bizi direnek. Hain justu, Antzuola, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta, Eskoriatza eta Oñatiko udal gizarte zerbitzuek identifikatu dituzte egoera gehienak, baina baita bailarako Gurutze Gorriak ere, "laguntza puntuala" behar izan duten adingabeak gogoan izanda.