Gabonetan egongo da izerdia non bota

Xabier Urtzelai 2023ko abe. 22a, 09:17

Gabonetako oporraldian makina bat kirol hitzordu izango dira Debagoienean. Euretako asko gazteenei zuzendutakoak izango dira, baina nagusiendako ere egongo da kirola egiteko aukera. Hemen hitzorduen zerrenda.

  • Alfredo Najeraren oroimenezkoa hilaren 23an

Bihar, zapatua, jokatuko dute Gabonetako Gazte Mailako Txapelketaren 33. edizioa, eta aurtengoa ere Alfredo Najeraren oroimenezkoa izango da. 17:30ean hasiko dute lauko torneoa eta Ohorezko Gazte Mailako Reala eta Vasconia izango dira, bat tik, eta Maila Nazionaleko Zarautz eta Bergara, bestetik. Finala 19:30ean hasiko dute (5 euro).

  • Hilaren 23an batuko da BKEko eskubaloi familia Labegaraietan

Bihar, hilak 23, egingo dute Labegaraietan Eskubaloi Eguna. 10:00etan hasita, kategoria txikietako partiduak izango dira –infantil eta kadete mailetakoak, jokalariak euren etxekoen kontra–. Eta arratsaldean (16:00) beteranoen txapelketa jokatuko dute. Gazte mailako neskak eta neska beteranoak izango dira, baita gizonezkoetan ere.

  • Pilotako Gabon Kopa jokatuko dute Aretxabaletan, 26an hasita

Aretxabaletako pilotari gazteekin batera Antzuolako, Aramaioko, Arrasateko, Oñatiko, Soraluzeko eta Bergarako pilotariak izango dira Gabon Kopan. Abenduaren 26tik 28ra ligaxka eran jokatuko dituzte partiduak (10:00, Iturrigorri pilotalekuan), hilaren 30ean finalaurrekoak izango dira (10:00), eta 31n jokatuko dute finala (10:00).

  • Bixente Etxeandia futbol torneoa hilaren 26tik 28ra

Hiru adin tartetako gazteek jokatuko dute Bixente Etxeandia torneoa, Aretxabaletan. 2015an jaiotakoek abenduaren 26an jokatuko dute (09:00-14:00), 2014koek arratsaldean (15:00-19:45) eta 2013koek hilaren 27an (15:00- 19:45). Parte hartuko duten taldeak dira UDA, Bergara, Mondra, Aloña, Lazkao eta Vulcano. Finalak, berriz, 28an.

  • Hilaren 26an San Esteban krosa Antzuolan

Aurtengo Gabonetan ere Antzuolako kaleak korrikalariz beteko dira, hilaren 26an egingo dute-eta San Esteban krosa. Helduen lasterketa –16 urtetik gorakoendako– 18:00etan hasiko dute, eta, lehenago, maila txikiagoetako krosak egingo dituzte, ibilbidea eurei egokituta. Txikienen lasterketak –5 urte– 17:45ean hasiko dituzte.

  • Hilaren 28an Eskubaloia Kalera eguna Bergaran

Abenduaren 28an –arratsaldez– egingo dute II. Kaleko Eskubaloi Txapelketa Bergaran. Txapelketa hori Lehen Hezkuntzako hirugarren eta seigarren maila bitarteko neska-mutikoei zuzenduta egongo da eta partiduak Bergarako pilotalekuan jokatuko dituzte. Txapelketa 5x5eko formatuan izango da. Iaz, esaterako, 80 neska-mutiko batu ziren.

  • Oñatiko kuadrillen saskibaloi eta areto futbol txapelketak

Abenduaren 27an eta 28an, kuadrillen arteko areto futbol txapelketa jokatuko dute Zubikoan, egun osoz. Eta ez da kuadrillei zuzenduta egongo den hitzordu bakarra izango, abenduaren 29an eta 30ean saskibaloikoen txanda izango da eta. Saskibaloian hilaren 29an egun osoa erabiliko dute eta hilaren 30ean goizez izango dira partiduak.

  • Arizmendik antolatzen duen Gabonetako futbol txapelketa, 29an eta 30ean

Abenduaren 29an, 09:30ean hasita, benjaminen, alebinen eta infantilen txanda izango da, eta Bergara, UDA Arizmendi, Reala, Aloña Mendi eta Goierrigorriko taldeak arituko dira Ibarran. Hilaren 30ean egingo duten hiruko torneoan Debagoieneko selekzioko, gipuzkoako selekzioko eta Realeko neskak batuko dira, kadete mailakoak.

  • Reyes Azkoitia txapelketako finalak hilaren 30ean

Bergarako Pilota Elkarteko gaztetxoak hainbat jardunalditan izan dira Reyes Azkoitia txapelketa barruko norgehiagokak jokatzen, eta kanporaketa guztiak gainditu dituztenek hilaren 30ean jokatuko dituzte finalak. Bada, final horiek 16:00etan hasiko dituzte. Ohitura da finalen aurretik motorrak berotzen joateko barru-etan jokatzea.

  • Txelisen omenezko futbol torneoa, hilaren 30ean Mojategin

Mondrak antolatzen duen Txelisen omenezko torneoa jokatuko dute abenduaren 30ean, Mojategin. Hala, 2011n jaiotako mutikoak –arratsaldez– eta 2010ean eta 2011n jaiotako neskak –goizez– batuko dira txapelketan eta Gipuzkoa mailako makina bat klubetako ordezkariak izango dira bertan; tartean, Debagoienekoak.

  • Saskibaloi campusak egingo dituzte Areskok eta Ointxe!-k

Ointxe! eta Aresko saskibaloi klubek kirol campusak jarri dituzte abian Gabonetako oporraldirako. Abenduaren 26tik 29arte egingo dute, bietan, lehenengo txanda, eta urtarrileko lehen astean egingo dute bigarren
txanda, urtarrilaren 2tik 5era. Ointxe!-koa Arrasaten egingo dute, eta Areskorenak Aretxabaletan eta Eskoriatzan.

  • San Silvestreak bost herritan, 31n

Abenduaren 31n Oñatin, Arrasaten (12:00), Aretxabaletan (17:00), Eskoriatzan (16:45) eta Bergaran (12:00) korrika eginez agurtuko dute 2023a. Herri gehienetan nagusien lasterketa baino apur bat lehenago gaztetxoendako lasterketak ere antolatuko dituzte. Bergarakoak mendi lasterketa formatua izango du, eta hor agortu dira dortsalak. Gainontzekoetan egunean bertan eman ahal izango da izena. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak