San Silvestre probak, urtea izerdia botata agurtzeko

Xabier Urtzelai 2023ko abe. 23a, 12:00

Bergarako Sansilvestreko irudia, iaz, korrikalariak San Migelera bidean.

Oñatin, Arrasaten, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Bergaran korrika eginez agurtuko dute 2023a. Arrasaten (Musakola) goizez egingo dute hitzordua eta Bergarakoak, berriz, mendi lasterketa formatua izango du aurten ere.

Urtetik urtera San Silvestre lasterketetan parte hartzen duen korrikalari kopurua haziz doa."Aurten 400 dortsal saldu ditugu Bergaran. Izen-ematea zabaldu eta egunean bertan saldu genituen dortsal guztiak, eta konturatu ginen emakumezko asko kanpoan geratu zirela. Hala, hori zuzentzeko, emakumezkoendako beste hogei dortsal jarri genituen salgai, eta bikote mistoendako ere beste hogei, eta horiek ere hegan egin zuten", adierazi du Hankaluze taldeko ordezkari Maria Sanchezek.

Hala, Bergarako mendi lasterketa 12:00etan hasiko dute, eta, azken urteotan moduan, korrikalariak San Migelera igoko dira, zazpi kilometroko zirkuitua osatzeko. "San Migeleko jaitsiera ez da, akaso, hasierako ibilbideak zuen jaitsiera besteko polita, baina igoera ederra da, basotik da eta. Kontua da lehengo ibilbidea egiteko baimen mordoa eskatu behar zirela, eta hau antolatzeko errazagoa da".

Musakolan, goizean

Urtea Musakolan bukatu, zure etxean, gure herrian! lelopean antolatzen duten San Silvestre proba 12:00etan egingo dute, baina 10:00etan hasita umeendako lasterketak egingo dituzte.
Izen-ematea egunean bertan egin ahal izango da –umeen lasterketarako 09:30etik 10:00ak bitartean eta helduen lasterketarako 11:00etatik 11:45era–. Hala, antolatzaileek korrikalariak animatu nahi dituzte lasterketara mozorrotuta joan daitezen Lasterketan parte hartzeko ez da dirurik ordaindu behar.

Arratsaldean, hiru herritan

Arratsaldean, berriz, Oñatin (16:30), Eskoriatzan (17:30) eta Aretxabaletan (17:00) egingo dituzte lasterketak, eta horietan guztietan lasterketa aurretik eman ahal izango da izena. Oñatin, esaterako, 16:00ak arte egongo dira izenak hartzen (5 euro), eta nagusien aurretik gazteen lasterketak ere egingo dituzte herri horietan, apur bat lehenago hasita. Eskoriatzan, ohi moduan, korrika egin aurretik brindisa egingo dute xanpainarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak