Zerbitzu publikoetako grebaren jarraipena Debagoienean

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko abe. 19a, 11:42

ELA, LAB, CCOO, ESK, SATSE eta Steilasek deituta, bigarren greba eguna dute udazkenean zerbitzu publikoetako langileek. Besteak beste, eskaeren artean dituzte %10eko soldata igoera, pribatizazioei atea ixtea eta publifikazio planak adostea, enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea, eta lan kargak arintzea.

Zerbitzu publikoetako behargin batzuk greban dira gaurkoan Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta, ondorioz, baita Debagoienean ere. Udaletan eta udal zerbitzuetan, esate baterako, langileen gehiengoak bat egin du greba egunarekin zein eskuartean dituzten aldarriekin Antzuolan, Arrasaten, Bergaran, Elgetan eta Oñatin. Alabaina, herri horietako batzuetan martxan dira udal zerbitzuetako batzuk. Bergaran, adibidez, zabalik daude Labegaraietako kiroldegia eta Udal Pilotalekua; Elgetan, berriz, irekita daude udaleko bulegoak, eta ludotekan zerbitzu minimoak ezarri dituzte. Are, Oñatin ere gutxieneko zerbitzuetan dabiltza jardunean: arreta zerbitzua zabalik dago, dokumentuen erregistroa egin eta deiak jasotzeko, eta Udaltzaingoaren zerbitzua ere bermatuta dagoela jakinarazi dute. Horrez gain, normaltasunez arituko dira gaurkoan Herribusa, Gaztelekua eta Ludoteka, azpikontratak baitira.

Aramaio, Aretxabaleta eta Eskoriatzako udaletako langileek, aldiz, ez dute bat egin grebarekin, eta, beraz, ohiko martxa dute udal zerbitzuek.

Hezkuntzan eragina

Hezkuntza arloari dagokionez, Antzuola Herri Eskolan grebak jarraipen "oso txikia" izan duela adierazi dute, baina ez dabiltza eskolak ematen, zaintzan baizik. Aramaion, irakasleen %60k egin du bat grebarekin; Arrasate Herri Eskolan, berriz, ez dute zenbatekoaren berri eman, baina zerbitzu minimoak dituzte, eta, Arrasate BHIn, %40k egin du bat. Bergarako San Martin Agirre ikastetxean ez dute kontaketarik egin, baina zerbitzu minimoak dituzte ezarrita, eta berdin Ipintza BHIn ere. Elgetan, irakasleen %40k egin du bat, eta zerbitzu minimoetan daude; Eskoriatzako Luis Ezeiza Herri Eskolan, berriz, beharginen %36k babestu du greba. Azkenik, Aretxabaletari dagokionez, Kurtzebarri LHn eta Lanbide Eskolan ez dute egin, eta Kurtzebarri BHIn %55ek egin du alde.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak