Publikoa aI do lelopean ospatuko dute Euskal Eskola Publikoaren Jaia, eta Eneko Lasa Ordiziako Urdaneta ikastetxeko ordezkariak eta Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak gaur eman dituzte xehetasunak. Adierazi dutenez, Ordiziako (Gipuzkoa) hizkera hartu dute aintzat leloa hautatzerakoan. "Goierriko txoko askotan euskara batuko ari du esaera ai do esaten da". Are gehiago, hitzen joko horri beste ikuspegi bat ere eman diote: "Ai do esaera barruan, ingelesak ematen duen aukera aprobetxatu nahi izan dugu I do ere adierazteko. Hau da, publikoa nik ere egiten dudala, publikoa gutariko bakoitzak, guztiok egiten dugula".
Bada, modu horretan, euskal eskola publikoa eta "bere balioa eta indarguneak" zabaltzen ari direla azpimarratu nahi dute, ahalegin horretan dabiltzala nabarmenduta. "Indartsu iristen da Euskal Eskola Publikoaren Jaia 31.edizio honetara. Izan ere, gero eta gehiago gara egun honetan biltzen garen hezkuntza-komunitateko kideak, eskola publiko indartsu eta ahaldunduta dagoenaren erakusgarri".