Gabonetako argiak eta erosketa-bonuak, prest

Julen Murua Mesonero 2023ko abe. 15a, 10:17

Gabonetako argiak, Arrasaten, iaz. Argazkia: Imanol Soriano

Bailarako udaletako askok argitu dituzte dagoeneko herriko kaleak Gabonetako argiekin, eta, horrez gain, herri bakoitzeko komertzioak sustatzeko erosketa-bonuak zein bestelako ekimenak jarri dituzte abian Debagoieneko hainbat herritan

Gabonak ate joka daude, eta, beraz, hasiak dira dagoeneko bailarako herrietako kaleak eta plazak urteko sasoi honetako apaingarriz janzten. Horrekin batera, hainbat udalerritan tokiko komertzioak hauspotzeko bonuak eta erakusleiho lehiaketak antolatu dituzte.

Argiak piztu dituzte

Arrasatekoak izan ziren lehenak Gabonetako argiaz pizten –abenduaren 5ean piztu zituzten–, eta urtarrilaren 7ra arte argituko dituzte kaleak. Aurtengo argien kontratazioak 36.300 euroko aurrekontua izan du, iazko aurrekontuarekin alderatuta 2.000 euro inguru merkeagoa –iazko kontratazioak 38.672,60 euroko aurrekontua izan zuen–. Oñatin eta Bergaran, berriz, astelehenean piztu zituzten argiak, eta bergararrek, oñatiarrek ez bezala, urtarrilaren 7ra arte mantenduko dituzte –Oñatin aurreko egunean itzaliko dituzte argiak–. Oñatin eginiko gastua 14.700 eurokoa izan da –BEZik gabe– eta Bergarakoa, berriz, 20.824,1 eurokoa izan da –BEZa barne–. Aretxabaletan abenduko zubian piztu zituzten argiak eta Gabonak amaitu arte mantenduko dituzte piztuta; aurtengo inbertsioa bost mila eurokoa izan da. Eskoriatzan gaur piztuko dituzte argiak eta Gabonetako jaien ostean itzaliko dituzte; udalak 4.300 euroko gastua izan du argiei dagokionean. Gainontzeko herrietan ez dute bestelako inbertsiorik egin Gabonetako argiei dagokionean, askotan, argi indarra bera izan baita gastu bakarra.

Tokiko komertzioei laguntza

Gabonetan ohitura izaten diren bonuak ere egongo dira aurten bailarako herrietan. Arrasaten Udalak 30.000 euroko inbertsioa egin du eta 74 establezimenduk hartu dute parte; erosleek 20 euro ordainduta 30 euro gastatu ahal izango dute. Bergarako Udalak 20.000 euro gehiago jarri ditu Euskadi Bono Dendak herrian indartzeko, eta 55 negozio batu dira ekimenera; bakoitzak 119 bonu izango ditu. Herritar bakoitzak hamar euroko balioa izango duten bost bonu erabili ahalko ditu herriko komertzioetan. Antzuolari dagokionez, 500 euroko inbertsioa egin du Udalak eta hamalau komertziok hartu dute parte ekimenean. Bestalde, Arrasaten, Bergaran, Oñatin eta Aretxabaletan martxan dira dagoeneko erakusleiho lehiaketak. Guztietan, herritarrek erakusleiho gustukoenak aukeratu ahal izango dituzte. Gabonen atarian ezagutzera emango dituzte denda irabazleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak