Debagoieneko langabezia datuetan ez da ia aldaketarik aurreko hilabeteekin alderatuz gero. Egun, biztanleria aktiboaren %7,54 dago lanik gabe, aurreko hilabetean baino %0,10 gutxiago; bada, beherakada ez da nabarmena. Are gehiago, urtebeteko epean ere ez da aldaketa handirik izan langabezia tasari dagokionez; hain justu, iazko abenduan erregistratu zen langabe kopuru handiena, %7,88ko tasarekin.
Herrietako egoerari dagokionez, Arrasaten dago langabezia tasa altuena. %10,13 dago lanik gabe, baina urriarekin konparatuz gero, langabeen kopurua baxuagoa da: hemezortzi langabe gutxiago daude, zehazki. Eskoriatzan ere behera egin du, baina tasak Debagoieneko bigarren altuena izaten jarraitzen du: %7,65. Are, Bergaran ere behera egin du langabeen kopuruak zein tasak. Egun, 496 langabe daude herri horretan, eta %6,91koa da langabezia tasa. Oñatin ere lau pertsona gutxiago daude lanik gabe.
Gainontzeko herrietan, Antzuolan, Aretxabaletan eta Elgetan, urrian baino langabe gehiago daude, baina kopuruak ez dira beldurgarriak. Leintz Gatzagan eta Aramaion, berriz, ez da jakinekoa zenbat langabe dauden, Lan Behategiak ez baitu datu zehatza ematen kopurua bost baino gutxiago denean.
Hego Euskal Herria
SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren arabera, 138.312 pertsona daude lanik gabe Hego Euskal Herrian, Lanbideren eta Lansareren bulegoetan, aurreko hilabetean baino 1.333 gutxiago. Hori aintzat hartuta, %9,93koa da langabezia tasa.