Pello Rodriguez Zabaletak ordezkatuko du Iñigo Ucin Mondragoneko lehendakaritzan

Miren Arregi Amasorrain 2023ko abe. 1a, 15:29

2024ko abuztuaren 1etik aurrera Pello Rodriguez Zabaleta izango da Mondragoneko lehendakaria, datorren uztailean hartuko baitu erretiroa gaur egungo lehendakari Iñigo Ucinek. Rodriguez 2015etik da Mondragoneko lehendakariordea. Batzorde Iraunkorrak gidatu du Pello Rodriguez Zabaletaren izendapenarekin gaur amaitu den prozesua.

Pello Rodriguez Zabaleta Urretxun (Gipuzkoa) jaio zen 1975ean, ezkonduta dago eta bi seme alaba ditu. Goi Mailako Industria Ingeniaritzan lizentziatua da, mekanika espezialitatean EHUn eta Pariseko École Nationale d´Arts eta Métiers-en. Halaber, eleaniztuna da eta bost hizkuntza menperatzen ditu: euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa eta neurri handi batean alemana ere.

Ibilbide profesionala

Bere ibilbide profesionala Danobat, Koop. E.an hasi zuen, proiektuetako gerente bezala, eta ondoko sei urtetan nazioarteko esperientzia garatu zuen Ingalaterrako (Newall) eta Alemaniako (Overbeck) filialetan. 2007an, atzerritik bueltan, kooperatibako Tornu eta Artezketa negozioaren ardura hartu zuen eta, ondoren, 2013an zuzendaritza nagusira iritsi zen. 2015etik Mondragoneko lehendakariordea eta Ekipamendu-Ondasunen dibisioko zuzendari nagusia da. Dibisio horrek makina erremintako eta industria automatizazioko kooperatibak (Danobat, Soraluce, Ideko, Fagor Arrasate, Fagor Automation, Mondragon Assembly eta Goimek besteren artean) batzen ditu. Korporazioko Kontseilu Orokorreko eta Kontseilu Industrialeko partaide ere bada. Halaber, Zientzia, Berrikuntza eta Teknologiaren Euskal Kontseiluko eta Innobasqueko Zuzendaritzako kide ere bada.

Taldeko Lehendakaritza datorren abuztuaren 1ean hartuko du, Mondragonetik azaldu moduan. "Bere erronka nagusia datorren lau-urterako Korporazioaren ibilbidea martxan jartzea izango da. Ibilbide hori 2025/2028ko Politika Sozioenpresarialean garatuko da eta Mondragoneko datorren uztaileko Kongresuan aurkeztuko da", azaldu dute oharrean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak