Debagoieneko Gurutze Gorriak Jostailu hezitzailea kanpaina jarri du martxan, familia zaurgarrietako edo gizarte bazterkeriako arriskuan dauden familietako haurrek ere Gabonetan jostailu berriak izan ditzaten. "Haurrek pobrezia- eta kalteberatasun-egoerak pairatzen dituzte bereziki. Adin horretan, jolasa etorkizun itxaropentsuago eta bete beharreko ametsez beteago bateranzko leihoa da beti, bai eta bere egunerokoan harreman positiboak eta eraikitzaileak indartzeko aukera ere", adierazi du Elena Ibarrondo bailarako Gurutze Gorriko boluntarioak eta ekimen honetako koordinatzaileak.
Bihar ekingo diote kanpainari Arrasateko Erosi hipermerkatuan, baina han izango dira hilaren 7an eta 9an ere. Kanpainaren berri emateaz gain, jostailuak jasotzen arituko dira boluntarioak; hala ere, ohartarazi dute berriak izan behar direla. "Guztien berdintasuna lortzeko jokorako eskubidean. Gainera, belikoak ez diren jostailuak, sexistak ez direnak eta balio sozialetan hezkuntza-funtzio argia dutenak eta errespetu- eta lankidetza-jarrerak sustatzen dituztenak jasotzen ditu kanpaina honetan". Are gehiago, lehentasuna emango die ingurumen inpaktu txikiena dutenei.
Baita txekeak ere
Herritarrek diruz laguntzeko aukera ere izango dute, Gurutze Gorriak txeke batzuk jarri baititu salgai. Horrez gain, kontu korronte bat ere jarri du kanpaina honetan dohaintzak jasotzeko: ES52 3035 0050 72 0500751008. Garrantzitsua da ekarpena egiten duen pertsonak kontzeptua zehaztea, 20055-Jostailua jarrita.