Aitor Montes medikuari babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko abe. 1a, 14:48

Euskaldunon hizkuntza eskubideen aldeko Arrasateko protokoloa-k deituta, gaur egin dute elkarretaratzea, Debagoieneko ospitalearen aurrean. Montesek euskaraz lan egiteagatik jasotako jazarpena salatu dute.

Urte asko daramatza bere lana euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen Aramaioko medikuak, bere pazienteei osasun zerbitzu integrala euskaraz bermatzeko ahaleginak egiten, baina Euskaldunon hizkuntza eskubideen aldeko Arrasateko protokolo-ko kideek salatu dute ahalegin horrek "askotariko jazarpenak" jasatea ekarri diola. "Paziente baten larrialdietarako deribazioa euskaraz idazteagatik kontuak eskatzeko deitu zioten Arrasateko larrialdi zerbitzuetatik eta, gertaera salatzeko, ospitaleko zuzendaritzara jo zuenean ez zuen haren babesa jaso".

Bada, hori guztia salatzeko eta Montesek zerbitzua euskaraz emateko duen eskubidea aldarrikatzeko, dozenaka lagun elkartu dira gaur 13:00etan Debagoieneko ospitalearen aurrean egin den elkarretaratzean. Are, Aramaiotik ere hainbat izan dira hara bertaratu diren herritarrak, medikuari babesa adierazteko asmoz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak