Aretxabaletak eta Bergarak ligako oilar zergatik diren erakutsi dute gaur Ibarran. Ligan erasotzen onenak direnak –Aretxabaletak 30 gol egin ditu–, defentsan ondoen dabiltzanen kontra –Bergarak 13 gol jaso ditu–. Eta, inor ez da gailendu. "Puntua ona dela esango nuke, bagenekien oso talde lehiakorra zetorrela Ibarrara, eta halaxe izan da. Gol aukerak izan ditugu, baina eurek ere gola egiteko aukera izan dute", adierazi du Aretxabaletako entrenatzaile Bixen Calzonek. "Bai, uste dut emaitza justua izan dela. Aretxabaletaren kontra euren zelaian puntu bat batzea ez da emaitza txarra, inondik inora. Uste dut bi taldeak lehiatzera irten garela, gu partidua irabaztera etorri gara eta aukerak izan ditugun arren ez dugu asmatu. Pozik goaz etxera", adierazi du Iker Ruiz de Larramendi entrenatzaileak.
Eta halaxe izan da, lehenengo zatiko 3. minutuan izan du bereziki Bergarak aukera ona, baina baloia zutoinera joan da, eta ondoren, kopuruz Aretxabaletak aukera gehiago izan baditu ere, Bergarakoek izan dute atea zulatzeko aukera oso garbiren bat. Gaur, baina, ate aurrean ez dira fin ibili, horixe bakarrik falta izan zaie, berdegunean joko maila polita erakutsi dute-eta biek ala biek.