Martxan da 'Euskaraz izango gara' lehiaketa

Goiena Komunikazio Taldea 2023ko azaroaren 24a

Danobatgroup kooperatibak Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko ekimena antolatu du. Kooperatiba taldeak lantegiak dituen herrietako herritarrei eta orokorrean gizarte osoari zuzenduta dago. Parte hartzaileek galdera bat erantzun behar dute, eta produktu ekologikoz osatutako otarre bat da saria.

Etorkizunera begira dago Danobatgroup kooperatiba, eta euskara erdigunean jarria du agertoki horretan. Hori errealitate bihurtzeko asmoz, lanean ari da egunerokoan, ikerketa eta garapenean, teknologia berrietan, elkarren arteko harremanetan… Hein batean, gizarteari euskararekin duen konpromisoaren berri eman nahi dio. Esaterako, inguruan garatzen diren hainbat ekimenetan hartzen du parte eta, aldi berean, ekimen sozial horietako askoren sustatzailea ere bada.

Jarduteko era hori –eta etorkizuneko agertokia– gogoan izanik, Euskaraz bizi gara lehiaketa abiatu du, beste urte batez. Danobatgroup kooperatibaz gain, Danobat, Soraluce, Goimek, Latz eta Ideko kooperatibek osatzen dute taldea, eta, hain justu, lantegi horiek dauden herrietako herritarrei eta orokorrean gizarte osoari zuzenduta dago lehiaketa. Parte hartzaileek galdera bat erantzun beharko dute, eta abenduaren 3ra arteko epea izango dute horretarako aukera. Are, erantzun zuzena ematen dutenen artean produktu ekologikoz betetako otarre bat zozketatuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak