Rosa Carabel (Coruña, 1966), 2021eko uztailetik da EROSKI Taldeko zuzendari nagusia. 17 urte daroatza taldean. EROSKI Taldeak 64 milioiko irabaziak izan zituen 2022an. 29.000 langile baino gehiago ditu; 610 frankizia-denda baino gehiagotako langileen kolektiboa gehitu behar zaio kopuru horri. Langile bazkideak 8.800 inguru dira.
Zer ezaugarri nagusi ditu EROSKI Kooperatibak?
Bizi kalitatea, osasuna eta kontsumitzaileen ongizatea hobetuko dituzten ondasunak eta zerbitzuak eskaintzea gizarteari: horixe da gure egitekoa. Horretarako, kalitaterik, informaziorik eta preziorik onenak eskaini behar ditugu, eta konpromisoa hartu kontsumo jasangarria bultzatzeko. Hala, Zurekin gure eredu komertzialak, osasuna eta jasangarritasuna ditu oinarri, eta baita tokiko produktuak eta aurrezpena ere. Gainera, EROSKIn langileek ere garrantzi handia dute, enplegu jasangarria eta kalitatezkoa sortzea baitugu helburu. Lanean dihardugu lortzen ditugun etekinek aukera eman diezaguten aberastasun handiagoa lortzeko eta aberastasun hori elkartasunez banatzeko, eta konpromiso handia dugu gizartearen osasuna eta ongizatea zaindu eta gizartearen garapen jasangarria bultzatzeko, eta baita etengabeko berrikuntza sustatzeko ere.
"Oinarrizkoak dira bizi kalitatea, osasuna eta kontsumitzaileen ongizatea"
Zuk zeuk esana da EROSKI kooperatiba ez balitz ez legokeela gaur egun dagoen tokian. Zergatik?
Horrekin esan nahi dut egokitzeko gaitasuna dugula, malguak garela eta elkartuta gaudela. Kooperatiba batek horrela egiten die aurre egoera zailei. Finean, erresilientzia esan nahi du horrek, eta horren osagarri, bazkideok heldutasunez eta gardentasunez hartzen ditugu erabakiak, nahiz eta erabaki horiek zailak eta konplexuak izan diren zenbaitetan. Kooperatiba izateak indartu egiten ditu gure balioak, elkartasunarekin eta lankidetzarekin lotutakoak: elkarrekin, eragin positiboak ugariagoak dira.
Benetan ere, EROSKI eredu arra- kastatsua da. Zein dira gakoak?
Bi alderdi nabarmenduko nituzke: gure izaera kooperatiboa eta jendearengandik gertu egoteko dugun obsesioa. Gure eredu kooperatiboaren bereizgarria zera da: justua dela, demokratikoa, berdintasuna eta aniztasuna bultzatzen dituela eta ekitatez banatzen duela aberastasuna. Halaber, EROSKIn, pertsonak dira gure jardueraren oinarria. Izan ere, langileak eta kontsumitzaileak erabaki organoetan sartzen dituen banaketa talde bakarra gara.
Ez da ohikoa banaketa sektorean kooperatibak aurkitzea, eta are ezohikoagoa da EROSKIren tamainako kooperatibak aurkitzea...
"Konpromisoa dugu gizartearen garapen jasangarria bultzatzeko"
Hala da, bai. Gure proiektuaren izaera eta forma bakarrak dira, eta hiru baldintza biltzen ditu: banaketa enpresa bat da, kontsumitzaileen erakunde bat ere bai, eta baita proiektu kooperatibo bat ere, eta proiektu horretan kontsumitzaileek eta langileek protagonismo eta subiranotasun bera dute. Kontsumo handiko ondasunak eta zerbitzuak banatzen dituen txikizkako lehen banaketa taldea gara Espainian, eta erreferentziazko operadorea Galizian, Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan, Katalunian eta Balearretan.
Zertan inbertitzen du EROSKIk?
EROSKIk ekarpena egiten dio komunitatearen ongizateari, eta aberastasuna ekitatez banatuz, haren garapen sozialean, kulturalean eta ekonomikoan eragiten du. Bost arlotan aritzen gara: elkartasuna, ingurumenaren zaintza, bizi ohitura eta elikadura osasungarriak sustatzea, kontsumo jasangarria eta kontsumitzaileei ematen zaien informazioa eta formakuntza sustatzea.