Kategoriako oilar bihurtu direnen arteko derbia

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko aza. 24a, 12:00

Haritz Diaz de Guereñu (UDA) eta Martin Azpiazu (Bergara) baloiaren lehian. Argazkia: Imanol Soriano

Ligako hamairugarren jardunaldira iritsita, UDA kategoriako liderra da une honetan, baina Bergarak gertutik jarraitzen dio, hirugarrena baita sailkapenean. Etzi (16:30), goialdean egonkortzeko garaipenaren bila zelairatuko dira Ibarran

Denboraldi bikaina burutzen ari dira, momentuz, UDA eta Bergara Ohorezko Erregional Mailan. Aretxabaletarrak liderrak dira, 29 punturekin, hamabi jardunaldi jokatu direnean. Etxean ez du galdu partidurik Unai Calzonek zuzentzen duen taldeak, eta porrot bakarra etxetik kanpo jaso du. Une ezin hobean iristen dira Calzonenak denboraldiko lehen derbira, baina ez dute aurkari erraza izango aurrean.

Izan ere, liderraren itzalean da Bergara ere, hirugarrena baita sailkapenean, UDA baino hiru puntu gutxiagorekin. Iker Ruiz de Larramendiren gidaritzapean, mahoneroak ere kategoriako oilar bilakatu dira aurten, hamabi partiduetatik zortzitan hiru puntuak eskuratu dituzte-eta. Halaber, mahoneroek ere, etxean zein etxetik kanpo, talde sendoa direla erakutsi dute.

Goian egoteko bi modu

Iazkoarekin alderatuz guztiz egoera ezberdinean daude UDA eta Bergara; behealdean egotetik goiko postuen borrokan izatera igaro dira, baina batak zein besteak bi modu ezberdin dituzte sailkapenaren puntan egoteko. UDAren kasuan, iaz ate aurrean barkatzen zituenak aurten barrura joaten dira. Calzonen taldea, 30 golekin, kategorian gol gehien sartu dituen taldea da, eta, bereziki, etxean jokatutako neurketetan lortzen du gehien asmatzea; horri, gainera, defentsan egindako lan ona batu behar zaio.

Mahoneroen kasuan, aldiz, gol gutxien sartu dituzten taldeen artean da (13), baita gutxien jaso dituztenen artean ere (9). Bergarak atzealdean talde sendoa dela erakutsi du, eta sartutako golei berebiziko zukua ateratzen die Ruiz de Larramendiren taldeak. Konbinazio on horrek merezitako puntuak lortzea eta sailkapeneko hirugarren postuan egotea eragin die bergararrei. Zalantzarik gabe, bataren zein bestearen indarguneak zeintzuk diren ikusita, domekakoa derbi gogorra bezain bizia izango dela pentsa daiteke.

Gorengoen maila

Kategoria bat beherago, Mondrak lidertzan sendo jarraitzeko, Ilintxa izango du bisitari zapatuan (16:30), Mojategin. Aloña Mendik Danena taldea hartuko du Azkoagainen, domekan (16:30). Gainontzean, UDA B eta An tzuolak derbia jokatuko dute Ibarran zapatuan (15:30), eta Bergara B Billabonaren zelaian arituko da egun berean, 16:00etan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak