Movember mugimendua sustatzeko topaketa egin dute Elorregin

Julen Murua Mesonero 2023ko aza. 11a, 13:35

Debagoienako 2023ko Movember topaketa Elorregin.

Urtero bezala, Movember ekimenaren aldeko topaketa egin dute Elorregin Debagoieneko herri ezberdinetako taldeek. Mondravember eta Movembergara taldeetako kideak izan dira nagusi topaketan, baina Antzuola eta Oñatiko ordezkariak ere izan dira.

Eguraldiak lagundu ez duen arren, ez dute hutsik egin urteroko hitzordura Movember ekimena sustatzen duten Debagoieneko taldeek. Beste urte batzuetako hamaiketakoa prestatuta izan ez duten arren, Sanprubusa bertan izan dute gerturatu direnek mokadutxoa jateko. Unai Azkaratek, Movembergarako kideak, adierazi du "ari gara gizarte kontzientzia sortzen gizonezkoen barrabiletako eta prostatako minbiziaren gaineko sentsibilizazioa dela-eta". Gainera, aitortu du gizarte guztiari bideratutako ekimen bat dela: "Bai, hala da, eta urtetik urtera gero eta gehiago. Ez da soilik Elorregin topaketara etortzen garen pertsonentzat, gizarte guztiarentzat baizik". Iban Arroiabek, Mondravemberreko kideak, ere bat egiten du Azkarateren hitzekin: "Osasuna zaintzea bultzatu nahi dugu, eta horretarako da bailarako gainontzeko herritarrekin egiten dugun topaketa hau".

Datorren urtean hamargarrena

Aurtengoa bederatzigarrena eta, beraz, datorren urtekoa Movember mugimenduaren hamargarren urteurrena izango da bailaran. Hori kontuan izanik, Arroiabek adierazi du "ekintza txiki asko egin beharrean, Movember egun handi bat" antolatzea dutela buruan. Hala ere, aitortu du "oraindik buruan bueltaka dabiltzan kontuak" direla, eta ezin dutela "ezer aurreratu".

Azaroa osoan zehar 

Urteroko ohitura jarraituz, azaroa osoan zeharreko ekintzak antolatu dituzte Mondravember eta Movembergara taldeek. Oro har, bazkariak, bertsoak, kontzertuak edota poteo girotuak izango dira asteburuko ekintza nagusiak egitaraua antolatu duten bailarako herrietan. Antolatzaileek, gainera, "gonbita luzatu" nahi izan die herritar guztiei egitarauetako ekintza ezberdinetan parte-hartzera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak