Elorregiko autobus geltokiko komuna erabilgarri dago

Uxue Igarza Loiola 2023ko aza. 8a, 18:19

Elorregiko autobus geltokiaren garbiketarako eta mantentzerako hitzarmena sinatu berri dute Oñatiko, Bergarako eta Arrasateko udalek Debagoieneko mankomunitatearekin. Aurrerantzean Mankomuniteak hartuko ditu bere gain bi ardura horiek.

Markesina eta komuna zabalik daude dagoeneko Elorregin, eta hondakinentzako edukiontziak eta bizikletentzako aparkalekuak ere jarri dituzte. Autobusen ordutegiak jakinaraziko dituen pantaila digitala falta da bakarrik.

Orotara, 223.000 euroko inbertsioa egin da eta udal bakoitzak ekarpen bera egin du: 29.700 euro. Gainerakoa Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko eta Garraio Publikoko sailak hartu du bere gain.  

Oñatiko Udalak hartu du proiektua egiteko eta esleitzeko ardura, eta Izaro Elortza alkateak azaldu duenez, geltokia eraberritzea "bat dator" Oñatiko mugikortasun iraunkorraren estrategiarekin: "Garraio publikoa bultzatu gura dugu, horretarako beharrezko diren bitartekoak jarriz eta behar moduko azpiegiturak eskainiz".

Gorka Artola Bergarako alkatea ere "pozik" agertu da proiektuarekin eta Udalen arteko elkarlana azpimarratu du:  "Herritarren arazoei irtenbideak emateko egiten dugu lan, eta hori da, kasu honetan ere, egiten saiatu garena. Helburu partekatuak ditugunean errazagoa da lan egitea".

Bukatzeko, Arrasateko alkate Maider Morrasek ere, beste bi alkateekin bat eginez, Elorregiren balio estrategikoa nabarmendu du. "Elorregiko autobus geltokia kokaleku estrategikoa da Debagoieneko barne zein kanpo konexioetarako. Guneak merezi duen autobus geltoki duina egitea lortu da", adierazi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak