Palestinari elkartasuna agertzeko mobilizazioak egingo dituzte arratsaldean

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko aza. 7a, 08:03

Urriaren 20an Arrasaten eginiko elkarretaratze bateko irudi bat.

Palestinarekin elkartasuna, konponbide politikoa orain! lelopean, mobilizatzeko deia egin du Gernika-Palestina deialdi herritarrak, eta bat egin dute bailarako zenbait herrik.

Palestinari "elkartasuna adierazteko eta gatazkari irtenbide bat emateko", Aretxabaletan eta Elgetan arratsaldeko zazpietan egingo dira elkarretaratzeak; Arrasaten eta Antzuolan, berriz, 19:30ean izango da, udaletxearen aurrean. Oñatin, aldiz, elkarretaratzea ez, baina solasaldia izango da. Zer ari da gertatzen Palestinan? galderari erantzuteko asmoz, Gabirel Ezkurdia GeopolitikaZ-eko analistak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko nazioarteko ikerlariak hitzaldia emango du, 18:30ean, Santa Ana antzokia.

Bergaran bihar egingo da, 18:30ean, San Martin plazan, Genozidioa gelditu! Bergara Palestinarekin lelopean.

EH Bilduk bat egin du

EH Bilduk mobilizazioekin bat egin eta parte hartzera animatu ditu herritarrak, uste baitu "beharrezkoa dela gure herritik nazioarteko komunitateari mezu argia" bidaltzea. "Nazioarteko komunitatea ezin da geratu besoak gurutzatuta. 75 urteko gatazka da, Nazio Batuen ebazpenak nabarmen ez betetzeak markatutako gatazka". Haren arabera, "statu quo-a mantentzea ez da aukera bat", eta nazioarteko komunitateak alderdiak animatu beharko lituzke "negoziazio prozesu baten alde" egitera, "bake justu eta iraunkor bati ateak irekitzeko". "Horrek nahitaez ekarri behar du Palestinaren okupazioa amaitzea eta haren eskubide nazionalak aitortzea, estatu independente eta bideragarria eratzeko eskubidea barne".

Salatu dutenez, "zigor kolektibo baten biktima" dira gazatarrak. "Bonbardatzen ari dira, eta oinarrizko horniduretarako sarbidea eten zaie". Nabarmendu du "nazioarteko zuzenbidearen urraketa onartezina" dela, "onartua izan beharko ez" litzatekeena. "EH Bilduk eskatu du Gazako eremua helburutzat duen edozein operazio militar gelditzea, bai horrek eragiten dituen ondorio humanitarioengatik, bai politikoengatik, elkarrizketa bidezko edozein konponbide alferrik atzeratzen duelako eta ia ezinezkoa egiten duelako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak