Osa bosgarren eta Kortazar hamabosgarren, Golden Trail Series-eko azken proban

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urr. 21a, 16:17

Malen Osa eta Oihana Kortazar. Irudia: The Adventure Bakery.

Il Golfo dell'Isolan (Italia) gaur jokatu da Golden Trail Series-eko azken proba, eta han izan dira debagoiendarrak. 26 kilometroko eta 1.430 metroko desnibela izan du lasterketak eta, bosgarren eta hamabosgarren postuak eskuratu arren, puntu bat gorago bukatu dute sailkapen orokorrean.

Hain justu, zazpi probaz osatuta dago Golden Trail Series, eta horietatik lautan hartu du parte Malen Osa oñatiarrak, Salomon taldearekin: Dolomyths, Pikes peak, Mammoth eta Il Golfo dell'Isola. Hala, gaurkoan bosgarren egin arren, aurreko hiru probetan lortutako emaitzek ahalbideratu dute laugarren postua eskuratzea sailkapen orokorrean, 805 punturekin. Kortazarrek, aldiz, lasterketa bat gutxiago egin du: Zegama, Marathon eta gaur jokatutako finala. Beraz, 559 punturekin, hamalaugarren bukatu du sailkapen nagusian.

Osak azaldu duenez, "oso gogorrak" izan dira azken bi egunak, muskuluetako osasun arazo bat dela-eta, ia-ia finalean parte ez hartzeko erabakia hartu baitu. Halere, azkenean aurrera egiteko hautua egin du. "Eta orain laugarren naiz sailkapenean. Ezin ditut sentimenduak azaldu. Nire berri izango duzue hau guztia barneratzen dudanean".

Kortazarrek, berriz, esan du lasterketa, atleta eta emaitza baten atzean beti daudela "mila gudu borrokatuta", eta hamalaugarren postua lortu izana "lorpen bat" dela berarentzat. "Beti diot eta beti esango dut asko direla hobeto ez egiteko arrazoiak, baina ez dira inoiz aitzakia bihurtuko; aurretik amaitu duten neska guztiek ere beraiena pasatu dute, eta nire gainetik egon dira". Pozik dagoela azaldu du: "Gaur beste lasterketa bat amaitu eta irabazi ondoren baino gusturago nago".

 
 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak