Palestinaren kontrako okupazioa eta genozidioa salatu ditu Kontseilu Sozialistak

Miren Arregi Amasorrain 2023ko urr. 21a, 14:10

Hitzaldia eta elkartasun argazkia egin zituzten atzo, egubakoitza, Arrasaten, Deba Bailarako Kontseilu Sozialistaren eskutik. Biak ere, "Israelgo estatuak martxan duen ofentsiba militarra eta mendebaldeko herriek Israeli erakutsitako babesa" salatzeko ekimenak izan ziren.

Kontseilu Sozialistatik azpimarratu gura izan zuten Palestinaren kontrako okupazioa eta genozidioa Israelek hamarkada luzez aurrera daraman erasoa dela, Israelek etengabe jazarri dituela palestinarrak, lurraren okupazioa, tortura edo erailketa bezalako bitartekoak erabiliz. Salatu zuten, "sarraskiaren atzean, mendebaldeko bloke inperialistaren konplizitatea eta babes politiko zein militarra" ere badagoela.

Testuinguru honetan "alderdi parlamentarioek" hartutako jarrerak salatzeko ere baliatu zuten ekitaldia. Kontseilu Sozialistak adierazi zuen, "eskuineko alderdiek Israeli babesa adierazi dioten bitartean, ezkerrekoek bakearen eta elkarrizketaren aldeko mezua zabaldu dutela". Haien ustez, "diskurtso bakezale horrek Israelen erregimena zuritu, palestinar herriak pairatzen duen zapalkuntza egoera ezkutatu eta erresistentzia kriminalizatu besterik ez dute egiten".

Bestetik, "nazioartean antolatutako indar politiko iraultzaile bat" eraikitzeko beharra ere aldarrikatu zuten bertaratuek. Ekitaldiari bukaera eman zioten, Palestinar herriari babesa erakutsiz.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak