Malen Osa laugarrena izan da Golden Trail Series-eko atarikoan

Itziar Larrañaga Sarasola 2023ko urr. 20a, 12:58

Malen Osa helmugan (Argazkia: The Adventure Bakery)
Atzo jokatu zen Il Golfo dell'Isolan (Italia) zapatuko finalaren atariko lasterketa. Malen Osa oñatiarrak laugarren postuan bukatu zuen, 0:42:30 denborarekin eta lehenengoarekiko 03:29 atzerapenarekin. Oihana Kortazar elgetarrak ere emaitza ona eskuratu zuen 0:43:59 denbora eginda.

Golden Trail Series lasterketako atarikoan 8,7 kilometro eta 400 metroko desnibela gainditu behar izan zuten parte hartzaileek. Lasterketa laburra eta indartsua izan zen. Oñatiarraren aurretik sailkatu ziren Madalina Florea, Sophie Laukli eta Judith Wyder.

Atariko proban eskuratutako puntuei esker –83–, Osak sailkapen orokorreko hirugarren postuari eustea lortu du; 571 puntu ditu final handia lehiatu aurretik. Bere aurretik daude Sophia Laukli 694 punturekin eta Judith Wyder 676rekin. Oihana Kortazar hamazazpigarren dago 382 punturekin –atarikoan 62 puntu lortuta–.

Oihana Kortazar helmugan. (Argazkia: The Adventure Bakery)

Finala

26 kilometro eta 1.430 metroko desnibela izango du biharko lasterketak. Gehienez sei ordu izango dituzte ibilbidea amaitzeko.

Malen Osak Goienari azaldutakoaren arabera, lasterketako gakoa "jaitsieretan" egongo dela uste du. Halaber, atzo Italian egin zuten prentsaurrekoan lasterketaren ibilbidearen berezitasunaz galdetu zioten: "Zaila da helmugatik 4 aldiz igarotzea lasterketa oraindik amaitu ez denean... Baina ondo dago flower race hau ikusleentzat eta ondo dago formatu berriak ikertzea mendi lasterketak eboluzionatzeko". Izan ere, antolatzaileek ibilbidea erakargarriago egiteko asmotan ezarri dute flower race deritzona. Biribilez osaturiko ibilbidea izango da, lore petaloen tankeran, eta lasterkariak bost aldiz igaroko dira helmuga gunetik.

Mendi lasterketa online eskainiko du Golden Trail Seriesek Youtubeko kontuaren bidez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak