Ohorezko erregional mailako liga hasiera honek ez du iazkoarekin zerikusirik. Ondo hasi dira bai bergararrak eta baita aretxabaletarrak. Sei partidutatik bosna irabazi dituzte, eta bestea berdindu. Hori horrela, bi taldeak sailkapenaren aurrealdean daude, Eibarren atzetik, eta liga hasiera honekin gozatzen dabiltza.
Egubakoitzean Bergarak Tolosaren kontra 1-0 irabazi zuen; mahoneroek lehenengo minutuetan egin zuten gola, Julen Garmendia izan zen golegilea eta ondoren mahoneroek ondo eutsi zioten norgehiagokari.
Gaur, berriz, Aretxabaleta 0-1 galtzen hasi bada ere, bigarren zatian Calzonen mutilek ondo erreakzionatu dute. Hain zuzen, lehenengo zatiko beasaindarren gola aretxabaletarrak ondoen zeudenean etorri da. Calzonen mutilak kontrarioa estutzen ari ziren, baina kontraeraso azkar batean atzeko lerroa hautsi du Igor Piquerak, eta 0-1ekoa egin du.
Atsedenaldiaren ondoren Aretxabaleta ondo hasi da, kontrarioa estutzen. Eta ez dute asko behar izan gola egiteko. Viniciusek ezker hegaletik egindako jokaldi polit baten ondoren etorri da 1-1ekoa, eta oraindik 53. minutua zen. Eta, Beasainek berdinketaren gola barneratu barik zeukanean jaso dute bigarrena, 2-1ekoa –Mikel Ortiz de Urbina izan da golegilea–. Hala, 62. minutuan Jagoba Lasak egindako 3-1ekoak lasaitasuna ekarri du harmailetara, eta azken ordu erdiak ez du apartekorik izan, eroso irabazi du Aretxabaletak.