Irabazi gabe jarraitzen du Biotz Aloña Mendik (70-74)

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko urr. 15a, 16:20

Oñatiarrek luzapeneraino eraman dute neurketa, baina azken hatsean amore eman dute Loiola Indautxuren aurka. Modu honetara irabazi gabe jarraitzen du Aitor Ugartek zuzentzen duen taldeak.

Lehen jardunaldiko porrotak utzitako arantza kentzeko asmotan kantxaratu dira Biotz Aloña Mendiko jokalariak, etxekoen babesarekin oraingoan. Lehen partidua zuten Aitor Ugarterenek etxean eta bertan indartsu egiten hasteak, denboraldi honetan izan dezakeen eragina funtsezkoa dela jakitun dira. Zoritxarrez, ez dute espero moduan hasi etxeko neurketen bidea.

Jokatu dituzten bi jardunaldietan talde lehiakorra izan daitezkeela erakutsi dute txantxikuarrek, baina taldeak dituen lesioak eta enregia falta medio, ez dute oraindik garaipenaren zaporea dastatu. Loiola Indautxuren aurkako neurketari ondo ekin diote etxekoek, baina aurkariak berehala ezarri du bere erritmoa. Bigarren laurdenean hiruko marratik asmatzea lortu dute bilbotarrek eta hori garesti ordaindu dute etxekoek. Atsedenaldira hamar puntu azpitik joan dira Ugarterenak, entrenatzaileak, ordea, ordurako sentsazioak "onak" zirela eta mentalki ere taldea gogor ikusi duela aitortu du.

Hain zuzen sentsazio horiei heldu diete oñatiarrek neurketan berriz sartzeko. Defentsa gogortu dute Aloña Mendikoek eta errebotean ere nagusitzen hasi dira, eta, honek aurkariaren saskian gehiago asmatzea ekarri du. Norgehiagoka edozein aldetara erortzeko zorian egon ds, baina arauzko denbora amaituta, luzapenera joan dira irabazlea erabakitzeko. Luzapena puntu askoko zatia izan da, etxekoak aurretik jarri dira hiruko bati esker partida amaitzeko gutxi falta zela, baina aurkariak beste hiruko batekin erantzun dute, eta, hortik amaierara ederki kudeatu dute abantaila partida irabazteko.

Bigarren jardunaldiko neurketa galduta, Biotz Aloña Mendik irabazi gabe jarraitzen du, baina taldearekin pozik dago entrenatzailea. "Nahiz eta galdu, pozik nago taldeak bi jardunaldietan egin duen lanarekin. Denboraldi hasiera honetan bajak ditugu, baina itxaropentsu nago, jendea errekuperatzen denean irabazteko ordua helduko zaigulako, zihur nago" adierazi du Aitor Ugartek.

Lehen garaipena Soraluce BKErentzat (61-66)

Oñatiarrek ez bezala, bergararrek bigarren jardunaldian eskuratu dute denboraldiko lehen garaipena. Oraingo honetan Errobide Irun taldearen kantxan jokatu dute mahoneroek eta 61 eta 66 emaitzarekin hiru puntuak bergarara ekarri dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak