Onenen artean lehiatzeko prest

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko urr. 14a, 13:09

Ainara Urrutia, Oihana Kortazar eta Malen Osa. Argazkia: Goiena.

Mendi lasterketen denboraldi amaiera polita dute Debagoieneko korrikalariek. Malen Osa eta Oihana Kortazar golden trail Serieseko finaletan izango dira, eta ainara urrutia, berriz, SkyRunner World Serieseko SkyMasters finalean

Denboraldi amaierara iristen ari dira mendi lasterketak, eta debagoiendarrak ere, azken txanpa horretan, korrika egiteko zapatilei azken astindua emateko prest dira. Malen Osa, Oihana Kortazar eta Ainara Urrutiak finalak jokatuko dituzte datozen asteetan. Osa eta Kortazarren kasuan, Golden Trail Serieseko finalean izango dira urriaren 19an eta 21ean, Il Golfo Dell'Isola lasterketan. Hilaren 19an atariko 9 kilometroko proba egingo dute, ondoren, 21ean burutuko duten 25 kilometroko lasterketan zein ordenatan irtengo diren jakiteko. Urrutia, aldiz, SkyMasters finalean izango da astebete geroago, urriaren 28an eta 29an, eta kasu honetan ere Italian jokatuko da Limone sul Gardan. Finaletara begirako errepasoa egin dugu eurekin.

Osa unerik onenean iristen da

Malen Osa Golden Trail Serieseko hirugarren postuan iritsiko da Italiako lasterketara, duela hiru aste Kaliforniako Mammoth Trail Fest lasterketan bosgarren postua eskuratu ostean. Hain zuzen, Estatu Batuetako lasterketaren ostean buru-belarri dabil urriaren 19tik 21era jokatuko den finala prestatzen. "Ameriketatik itzuli naizenetik oso ondo ari naiz errekuperatzen eta pozik nago ikusita nola iristen naizen", dio Osak. Korrikalari oñatiarrak gaineratu du denboraldi amaieran normalean nekea nabaritzen dela, baina oraingoan ez duela horrelako sentsaziorik; are gehiago, Osak adierazi duenez "denboraldiko unerik onenean" iristen da azken txanpa honetara.

Une gozo hau aprobetxatu nahiko du oñatiarrak Italian zeregin on bat egin, eta, une honetan, Golden Trail Serieseko sailkapen orokorrean duen hirugarren postu hori babesteko. Malen Osak aitortu du ez zuela "inondik inora" espero sailkapeneko postu horretan izatea: "Denboraldi hasieran, lehen hamarren artean sailkatzea zen nire ametsa, eta, kontrakorik ezean, helburu hori bete dut. Orain, hirugarren postuan nagoela ikusita, postu hori mantentzea da helburua, baina lehenengo bosten artean geldituz gero ere, asko baloratuko dudan emaitza izango da".

Final handiari dagokionez, Osak dio lasterketa nahiko "berezia" dela, eta lasterketako gakoei erreparatuta "jaitsieretan" egon daitezkeela uste du: "Lasterketak duen 1200 metroko desnibel positiboa bost igoeratan banatzen da; beraz, uste dut hasierako jaitsieratan oso azkar ez sartzean egon daitekeela gakoa, bestela, amaierara indar barik iristeko arriskua egon daitekeelako". Ikusi egin beharko da lehen hiru sailkatuen artean amaitzen duen edo ez, baina garbi dagoena da denboraldiko azken lasterketa izango dela Osarentzat.

Kortazar aukera aprobetxatzera

Oihana Kortazar ere Italian izango da datorren astean, eta ziur hauspotuta iritsiko dela asteburuan Ultra Sanabria lasterketan lehen postua eskuratu ostean. Uda lasaia igaro ostean, denboraldiko bigarren zatira atseden hartuta iritsiko da elgetarra, eta Trail Serieseko finalera sailkatu izana aprobetxatu nahi du. "Batek daki ea berriz bertan egongo naizen edo ez, beraz, lortutako aukera aprobetxatzera noa", dio Kortazarrek

Era berean, aitortu du nahiago lukeela lasterketak distantzia handiagoa balu. "Egia esan, lasterketa eta distantzia ez dira aproposenak niretzat, eta asteburuan egin dudana ikusita nahiago nuke Golden Trail Serieseko finala 40 kilometrokoa izatea, nahiz eta denboraldiaren azken txanpan gauden", dio elgetarrak. Lasterketarik aproposena ez izanda ere lehiatzera aterako da Oihana Kortazar, eta azpimarratu du lasterketa "motza" izateak ez duela esan gura "erraza" izango denik.

Denboraldi amaierara forma onean iritsita Italiakoa ez da izango Kortazarrek jokatuko duen azken lasterketa. Golden Trail Serieseko finaletik itzuli ondoren, Menorcara bidaiatuko du Cami de Cavalls etapaka egiten den lasterketa jokatzera. Horren ondoren, Tarragonan 60 kilometroko lasterketa batean parte hartuko du, eta amaitzeko Argentina eta Txile artean egiten den El Cruce de los Andes lasterketan lehiatuko da.

Urrutia azken esfortzua egitera

Aretxabaletarren kasuan, SkyRunner World Serieseko SkyMasters finala jokatuko du bi aste barru; lasterketa hau ere Italian jokatuko da, Limone sul Garda herrian. Portugalen bigarren postua eskuratu berri du, sailkapen orokorrean postu bat aurreratzeko balio izan diona. Aretxabaletarrak aitortu du denboraldia "luze" egiten ari zaiola, eta maratoietan estreinatu izana gorputzean nabari duela, baina, era berean, prest iritsiko dela lan "txukun" bat egiteko. "Lehen hamarren artean sailkatzea ikaragarria litzateke, baina gertatzen ez bada bizitako esperientziarekin geldituko naiz", dio Urrutiak.

Finalera sentsazio "onekin" iristen dela gaineratu du, eta beretzat lasterketa "aproposa" dela dio. "Igoera eta jaitsiera bat ditu, 25 kilometro inguru eta 2200 metroko desnibel positiboa, eta oso lasterketa azkarra da. Hasiera batean, gustuko dut lasterketa", adierazi du aretxabaletarrak. Italiakoarekin amaituko ditu printzipioz Ainara Urrutiak denboraldi honetako lanak, baina, beste lasterketaren bat eginez gero, "disfrutatzeko" egingo duela aitortu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak