Sagarra bera lortzeko, sagar-zukua egiteko edo sagardoa ekoizteko bide ematen dute azken asteetan egin diren sagar batzeek, irailaren erdi aldetik izan baita sagar garaia. Baserri askotan izaten dute sagar batze horiek egiteko aukera Debagoien osoan, ostean erabilera ezberdinak emateko; lanean aritu diren horietako batzuk dira Altzagainekoa baserriko kideak.
Baserri hartakoa da Unai Osoro, eta, horretaz gain, Aramaioko Sagarzalien Elkarteko lehendakaria ere bada. Hark dio irailaren 16an hasi zirela batzen eta "handik hamabost bat egunera" egin zutela bigarren eta azken dolarea. Sagarrondo asko dituzte Altzagainekoan, eta horietatik guztietatik jasotako sagarrekin haiendako "nahikoa" batu dutela adierazi du Osorok; hala ere, azaldu du oraindik gelditzen zaizkien sagarrak erabiltzeko prest daudela "gertuko norbaitek behar izanez gero".
Uzta ona
Sagar-zuku eta sagardo asko ekoiztuko dela aurreikusten da aurten; izan ere, aurtengo uzta oso handia izan da. Sagar mota ugari batu dituzte aste hauetan guztietan; besteak beste, Goldena, Errezila edo Errege sagarra. Bi urtean behin izaten dira horrelako uztak, eta aurten egokitu zaie sagar-zaleei kopuru handi horiek batzea. Beste urte batzuekin alderatuta nahiko uzta parekatua izan da, kopuruei dagokienez, baina bai egon da aldaketa nabarmen bat: uztaren iritsiera momentua.
Uda osoan zehar izan diren eta gaur egun ere jarraitzen duten beroek aurreratu egin dute uztaren iritsiera, eta, beraz, baserrietan aurrez antolatu behar izan dituzte sagarra batzeko egunak.
Aurtengo kopuruen inguruan ezin izan du ezer aurreratu Osorok "oraindik jendea zukua eta sagardoa egiten" ari delako, baina duela pare bat urte 30.000 kilo inguru egin zituztela aitortu du.
Sagarra batzeko metodoak
Baserri bakoitzean metodo ezberdina erabiltzen dute sagarra batzeko orduan; izan ere, norberak sagarrari emango dion erabileraren arabera ere aldatu egiten da hura batzeko modua. Altzagainekoek etxean pare bat modu erabiltzen dituztela azaldu du Osorok: "Denetik dago. Batzuek banan-banan jasotzen dute, eta beste batzuek kantitate handika batzen dituzte sagarrak. Guk plastiko bat jartzen dugu sagarrondoaren azpian, eta, ondoren, zuhaitza astintzen dugu fruituak plastikora erortzeko; hori egiten dugu sagar-zukua edo sagardoa egiteko sagarrak batu nahi ditugunean. Etxean jateko sagarrak behar baditugu, banaka batzen ditugu zuhaitzetik".
Sagarrondoa astindu eta fruitua plastikora erortzearen metodoak badu arrazoi nagusi bat. Sagar horiek erabiltzen dituzte zukua edo sagardoa egiteko, eta, hori dela eta, komeni da sagarra garbi egotea; izan ere, horrela izan ezean, "norberak ekoiztutako zuku edo sagardoak ere zikinkeriaren bat izango luke".
Aramaioko Sagarzalien Elkartea
Duela hogei bat urte sortu zen Aramaioko Sagarzalien Elkartea, eta ordutik zaletasuna handitzen joan da bertakoen artean. Elkartea sortu zenean jende askok jarri zituen sagarrondoak haien etxeetan, eta orain sagarrondo horiek fruituak ematen hasi dira. Dolarea du elkarteak Aramaion, Mendixolan zehazki, baina aurretik kalean ere izan ziren: "Lehen kalean egoten ginen, udalak utzitako lokal batzuetan, eta duela hamar edo hamabi urte etorri ginen Mendixolara". Bere garaian sagarrondoak jarri eta orain sagarrak dituzten askok dolarera eramaten dituzte haien fruituak, sagar-zukua edo sagardoa egiteko.
Izan ere, elkarteak ematen duen zerbitzua honetan datza –bai bertako bazkide direnei, baina baita bazkide ez diren horiei ere–: norberaren sagarrak bertara eraman eta sagar-zukua edo sagardoa ekoiztean. 35 bazkide inguruz osatuta dago elkartea, eta "geroz eta jende gehiago" batzen ari dela aitortu du Osorok. Gainera, badaude kanpotik sagarrak Aramaioko dolarera eramaten dituztenak ere, han zukua edo sagardoa egiteko.
Datorren urteari begira
Osorok azaldu du, gauzak aldatzen ez diren bitartean, datorren urteko uzta ez dela izango "aurtengo uzta bezain handia", baina, hala ere, jendeak lortzen ditu dolarera eramateko sagarrak, hainbat modutan.
Dolarean 700 bat kilo sagarrekin egin daiteke lan, eta, beraz, elkarteko kideek gomendatzen dute "kilo horiek guztiak eramatea". Uzta, baina, ez bada aurten bezain handia izaten, sagarrondoak dituztenek bide bat baino gehiago erabiltzen dituzte batutako sagarrak dolarera eramateko: "Batzuek kanpotik hartzen dituzte sagarrak, eta haiek batutakoekin batera ekartzen dituzte dolarera zukua edo sagardoa egiteko. Beste kasu batzuetan, sagarrondoak dituzten batzuk elkartzen dira eta haien artean batutako guztiak eramaten dituzte dolarera".
Iturrietan ere lanean
Etxerako sagardoaz gain, sagardotegian kontsumitzeko ere batu dituzte sagarrak Aramaion, bertan baitago Debagoieneko sagardotegi bakarra: Iturrieta sagardotegia. Duela 25 bat urte ireki zuten sagardotegia Aramaion, eta, ordutik, haien sagardoa ekoiztu dute. 1.400 bat zuhaitz dauzkate, eta sagarrondo horietatik hartzen dituzte sagarrak. Sagar mota ezberdin asko batu dituzte, eta Asturias aldeko lau mota kenduta, beste guztiak Euskal Herriko sagarrak dira, berariaz sagardoa ekoizteko erabilitakoak –sagardotarako sagar horiek erabiltzen dituzte sagar-zukua egiteko ere–.
Aurtengo uzta oso ona izan da, eta Juanjo Peciñak, Iturrieta sagardotegiko arduradunak, adierazi du espero dutela "55 tona sagar inguru" batzea. Batutako sagarrei erabilera ezberdinak ematen dizkie Iturrietan: "Batzen ditugun sagarren %75 inguru erabiltzen dugu sagardoa egiteko, gainontzeko gehiena sagar-zukua egiteko erabiltzen dugu". Izan ere, Iturrieta sagardotegian aspaldi hasi ziren sagar-zukua ere eskaintzen: "Hogei urte inguru daramatzagu sagar-zukua ere eskaintzen. Oso gozoa izaten da eta mundu guztiari zuzenduta dagoen edaria da; jende askok kontsumitzen du".
Hasiera batean, familiako kideak eta lagunak elkartzen ziren sagarra batzeko lanak egiteko, baina ekoizpen kopuruak gora egin ahalaz bat, jende gehiagoren beharra izan dute. Beraz, urteak joan eta urteak etorri, geroz eta jende gehiago elkartzen da Iturrietakoek dituzten zuhaitz guztietako sagarrak batzeko. Haiek erabiltzen duten teknika ere zuhaitza astintzearena da; horrela, oihal handi batera erortzen dira sagar guztiak eta sagardoa egiteko erabiltzen dituzte, gehienbat. Aurtengo uzta oso ona izan den bezala, badaude fruitu asko ematen ez dituzten urteak ere. Kasu horietan, haiek dituzten zuhaitzetatik bai, baina kanpotik ere ekarri behar izaten dituzte sagarrak. Hori bai, toki ekologikoetatik hartutako sagarrak izaten dira horiek ere; horretaz gain, Euskal Herrian batutakoak izaten dira haiek erabiltzen dituzten sagarrak.
Hilabete gutxira hasiko da sagardo sasoia, eta Iturrieta sagardotegikoek gogotsu egiten diote aurre garai horri: "Gogo askorekin jasotzen dugu sasoia, jende asko batzen baita sagardotegian. Debagoieneko sagardotegi bakarra da Iturrieta, eta, beraz, inguruko jende asko bai, baina bailarako jendea ere ibiltzen da hemen inguruan. Giro oso ona izaten dugu, eta euskal musikarekin ere gozatzeko aukera izaten dugu. Horretaz gain, uda garaian ere etortzen da jendea, familian gozatzeko momentu ona izaten delako eta hemen oso giro ona izaten dugulako. Baina, guretzat, urteko unerik garrantzitsuena sagardo eta sagardotegi garaikoa izaten da".
Txakolina egiteko mahatsa batzen
Mahatsa batzeko sasoia ere izan da irailaren amaieran hasi eta urriaren hasiera bitartean iraun duena. Debagoienean badaude mahasti ugari, eta badaude mahasti horietatik lortutako fruitua txakolina egiteko erabiltzen dutenak ere: Kataide, Arrasaten; eta Belaskua, Upaingoa, Kostei eta Murgialdai, Oñatin.
Murgialdaiko Aritz Galdosek eta Belaskuako Jon Urzelaik adierazi dute "urte gogorra" izan dela, batez ere, uda garaian izandako hezetasun eta ekaitzen ondorioz. Iraileko azken astean batu zituzten bai Murgialdaikoek zein Belaskuakoek mahatsak, eta biak bat etorri dira esanez "aurreko urteko uzta oso ona" izan zela eta aurten "mahats gutxiago" batu dutela. Hala ere, adierazi dute batu duten mahatsa "kalitate oso onekoa" izan dela eta, aurten ere, "txakolin ona" egitea espero dutela.