Hiru debagoiendar izango dira Hiru Hiriburuak pilota txapelketako finalean

Mirari Altube Arrese 2023ko urr. 11a, 18:10

Final handia jokatuko duten lau pilotariak –eskuinetik lehenengoa, Arrate Bergara–. (Argazkia: Master Cup)

Emakume Master Cup zirkuituaren barruko Hiru Hiriburuak txapelketaren finalak jokatuko dituzte domekan, urriaren 15ean, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Bergara bergararrak, Aldairekin bikote eginda, final handia jokatuko du Garai eta Zabalaren aurka. Insausti antzuolarra eta Betegi aretxabaletarra, ostera, Promesen mailako finalean izango dira.

Bost mailetan banatuta 64 pilotarik hartu dute parte Hiru Hiriburuak txapelketan eta onenak finalean izango dira, domekan. Aldai eta Bergara, eta, Garai eta Zabalaren arteko partidua 12:00etan jokatuko da eta ETBk zuzenean emango du.

Txapelketak atzetik datozen gaztetxoei ere leku egin gura izan die, eta arratsaldean, pilota goxoko eta mistoko gazte eta promesen txanda izango da. Azken hori jokatuko dute Olatz Insaustik eta Irati Betegik, Aiala Uriarte eta Marta Gomezen aurka; 18:00etan hasiko da partidua.

Astorek egindako kamiseta

Gainera, Astorek txapelketa honetarako beren beregi diseinatutako kamisetekin dabiltza jokatzen pilotariak. %100 birziklatutako ehun elastikoaz egindako jantziak dira; bakoitzak plastikozko hamaika botila daramatza, hain zuzen ere.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak