Debagoienean egingo du geldialdia Txita ibiltariak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko urr. 12a, 16:34

Emakumeok Mugimenduan aplikazioa aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta herritarrei hurbiltzeko asmoz, lurraldean barna dabil proiektu ibiltaria. Aretxabaletan eta Eskoriatzan izango da, urriaren 18 eta 19an.

Gipuzkoako Diputazioak 2021ean jarri zuen abian egitasmoa, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko ikerlariek 18 eta 64 urte arteko emakumeek aisialdiko jarduera fisikoa eta kirol ohiturak neurtzeko asmoz eginiko ikerketa baten ostean. "Emaitzak esanguratsuak izan ziren: Gipuzkoako ia 4.000 emakumeri egindako galdeketaren arabera, hiru emakumetik bat ez da aktiboa, astean 120 minutu baino gutxiagoz egiten baitu kirola. Gainera, inaktibotzat dute beren burua, eta hori sinesten dute".

Bada, eguneroko jarraipena egiteko eta emakumeek aktibotasuna sustatzeko helburuz abiatu zuen proiektua Foru Aldundiak eta, orduz geroztik, aplikazioa aurkezten dabil Txita ibiltaria.

Baita Debagoienean ere

Urriaren 18an Aretxabaletan izango da, eta hilaren 19an, berriz, Eskoriatzan. 10:30etik 13:30era eta 15:30etik 18:30era artean egongo da informazioa jasotzeko aukera, eta horrez gain, jarduera berezi batzuk antolatu dituzte bi udaletako kirol saiekin elkarlanean. Aretxabaletan, esate baterako, Ibarra kiroldegira doako sarbidea izango dute emakumeek egun horretan, eta Emakume Korrikalarien Taldeak ate irekien saioa egingo du 19:00etan. Eskoriatzan ere doakoa izango da sarbidea, eta bertako jarduerak probatzeko aukera izango dute. Baita gimnasioa ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak