Dorleta Elkorobarrutia Leintz Gatzagako alkatea izango da legegintzaldi honetan Debagoieneko Mankomunitateko lehendakaria, eta Xabier Igartua izango du alboan, lehendakariordea izango baita. Batzordeetako lehendakariei dagokienez, hautatzeko daude, baina badira proposamenak. Hain justu, Garazi Etxeberria arrasatearra Ingurumen batzordeko arduraduna izatea proposatuko da; Angel Mari Etxabe aretxabaletarra, berriz, Garapen agentziakoa; eta, azkenik, Gorka Artola, Ogasunekoa.
Modu horretan, adierazi dute "gobernantza eredu kooperatibo baten alde lerrokatzen" direla: "Mankomunitatea gobernatzeko talde bat aurkeztu dugu, herri txiki zein handien ordezkaritza orekatua bermatzeko apustua eginda". "Gobernantza eredu berri baten alde lanean" jardutea dute asmo legegintzaldi honetan, "Debagoienak behar duen jauzia herritar, gizarte eragile zein enpresekin elkarlanean egin ahal izateko".
Estrategia "integral" bat
Debagoienerako estrategia "integral" bat garatu nahi dute, hiru lan ildotan: "Trantsizio ekologikoa, ongizatea eta sozioekonomia. Udalen arteko lankidetzan sakonduko dugu eta mankomunitateak eskaintzen dizkigun baliabideak optimizatuko ditugu horretarako".