Neallta Folaren bigarren bilduma, entzungai

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2023ko urr. 11a, 14:45

Neallta Fola Aretxabaletako hirukotea, Bergarako Zumelaga jatetxean. Argazkia: Poli Karpo.

Aretxabaletako hirukoteak Bordelen, Parisen eta Saran hiru kontzertu eskainiko ditu, egunotan, Arrasateko Perlata taldearekin batera egingo duen biran; Aretxabaletakoek Hemen eta orain bilduma argitaratu dute plataforma digitaletan eta binilo formatuan.

2006an abiatu zuten Aretxabaletako Neallta Fola taldea, eta handik bi urtera argitaratu zuten Iraultza izeneko lehen diskoa. 2013an lozorroan sartu zen hirukotea, eta iazko irailean itzuli zen agertoki gainera lagun musikazale baten omenaldian parte hartzeko aitzakia hartuta.

Karlos Lopez Karlote (gitarra-jolea eta ahotsa), Gorka Uriarte Kanutillo (baxu-jolea eta ahotsa) eta Ander Moreno Morenito bateria-jolea dira gaur egun Neallta Fola, eta "indarberrituta" daude, irailean plataforma digitaletan erakutsi zuten eta asteon binilo formatuan izango duten Hemen eta orain bigarren lana argitaratuta.

'Hemen eta orain' bilduma

Sei kanturekin osatu dute bigarren diskoa. "Kantu gehienak aspaldi egindakoak dira, baina moldaketa batzuk egin dizkiegu; hitzak, adibidez, gaur eguneratu egin ditugu, eta mimoz zaindu dugu soinua, nahiz eta, oinarrian, gure estiloari fidel izaten jarraitzen dugun", dio Karlote-k, eta zera gaineratu: "Iruñeko Sounds of Sirens estudioan grabatu genuen, urtarril hasieran, Julen Orzaizekin, eta bi zigilurekin atera dugu diskoa binilo formatuan: TAE Records eta Kaset Ekoizpenak izenekoekin. Diskoaren diseinua Iruñeko Eneko Lizardik egin du. Plataforma digitaletan dago bilduma osoa entzungai, eta binilo formatuan gurago duenak kontzertuetan eta aipatutako bi diskoetxeen atarietan izango du eskuragarri".

Hainbat musikariren kolaborazioak izan dituzte bigarren bilduma grabatzerako orduan. Hala dio taldeko gitarra-joleak: "Adibidez, Buelta eman kantuan Ibai Akizuren saxoa entzungo duzue, eta Aurrez aurre kantuan, berriz, Perlatako Maialenen eta Aneren ahotsak sartu ditugu".

Arrasateko Perlata taldeko kideak.

Frantziako bira, egunotan

Aspaldiko lagun-harremana dute Aretxabaletako Neallta Folak eta Arrasateko Perlata taldeak, eta adiskidetasun horren eragina da gaur hasi eta asteburuan zehar Frantzian elkarrekin egingo duten bira. "Garai batean, gaur egun gure bateria-jolea den Morenito eurekin jotzen ibili zen denbora luze batean. Gaur abiatuko dugun bira ere hala sortu zen, lagunarteko zerbait moduan. Hasiera batean kontzertu gehiago eskaintzeko asmoa genuen, baina lan kontuak eta bestelako arrazoiak tarteko, azkenean hiru emanaldi egingo ditugu Bordeleko, Parisko eta Sarako areto txiki banatan. Bakoitzak bere errepertorioa prestatu du, baina izango da sorpresarik, seguru".

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak