'Bixi ibili!': herrien arteko tribial pike bizia

Goiena 2023ko urr. 16a, 10:00

Debagoiena plato bihurtuta, herrien arteko tribial-pikearen bigarren denboraldia abiaraziko du Goiena telebistak. Aitor Agiriano izango da saioaren aurkezlea, eta urriaren 17an, martitzena, 19:30ean, estreinatuko da lehen atala pantailan.

Burua bixi-bixi izan beharko dute debagoiendarrek herriaren alde dena eman eta sailkapeneko lehen postua eskuratu ahal izateko; eta, nola ez, Aretxabaletari testigua hartu. Izan ere, aretxabaletarrek lortu zuten garaipena lehen denboraldian.

Aldi berri honetan ere, Debagoieneko herri guztiek izango dute isla 9 atalez osatuta egongo den saioan. Astero herri bat izango da protagonista, eta tokian tokiko ohituren, hitzen, pertsonaien eta abarren inguruan oinarritutako galderak erantzun behar izango dituzte, besteak beste, lehiakideek. Parte-hartzaile bakoitzak galdera bakarrarekin izango du herriaren alde puntu bat lortzeko aukera. Erantzuna argi ez duten kasuetan, komodina erabiltzeko aukera izango dute: telefonoarekin lagun, senitarteko edo gertuko bati dei bat egiteko aukera izango dute. Denboraldi amaieran, herrien arteko rankingak adieraziko du Debagoieneko zein herrik dakien gehiago.

Bitxikeriak, lau haizetara

Bi saioren arteko pikea ere izango da. Bixi ibili! saioko Aitor Agiriano ez da bakarrik ibiliko, Zirikatzen saioko Aitor Agiriano ere izango du, xaxatu eta programako gidaritza kentzeko borrokan. Hori da berrikuntzetako bat. Ikus-entzulearen deia kontuan hartu eta Goiena telebistan arrakastatsua izan den galdera-erantzun xelebreen saioak ere izango duelako lekua aldi berri honetan. Aitor Agirianok bi pertsonaia ezberdin hezurmamituko ditu entretenimenduz eta jolasez.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak