'Hemen Debagoiena' sasoi berrirako prest

Goiena 2023ko urr. 16a, 08:00

Jose Javier San Torcuato eta Iñigo Barrena, Lacor enpresan.

Uda giroan murgilduta ibili da aurten Hemen Debagoiena saioa, abuztu aurreko zein osteko asteetan. Itxuraz eta edukiz. Baina udazkenaren etorrerarekin ekin dio ikasturte berriari. Ohiko tarte finkoei berriak gehituko zaizkie datozen asteetan.

Larraitz Zeberiok aurkeztuta, ohiko egitura berreskuratu du saioak, baina badira berritasunak. Tarte finkoei dagokiena izango da horietan nagusiena: orain arte hiru baziren, bost izango dira aurrerantzean, egunero bat. Goienako ikus-entzuleek hain gustuko dituzten atal finkoak indartuta datoz, beraz, oraingo ikasturtean. Baina horiekin batera, ez dira faltako, noski, elkarrizketak, herrietako berriemaileek gidatutako tarteak, Goienaren beste hedabide batzuetan argitaratutako edukien aurrerapen edota errepasoak… Adituei ere irekiko diegu lekua, nork bere jakintzatik ekarpena egiteko; eta amantala ere jantziko dugu tarteka, Ane Goikoetxearen jarraibideei adi, adibidez, errezeta goxoak prestatzeko.

Astelehenetan, 'Landara'

Landara tarteak irekiko du astea. Lehen sektoreko egunerokotasuna eta kezkak, garaiko produktuak eta eginbeharrak… horiei buruz ariko da, astelehenetan, Julen Murua kazetaria. Lehen sektorean diharduten debagoiendarrak izango ditugu tarte honetako protagonista. Eta jende berria ezagutzeko aukera ere eskainiko digu: artzain txakur txapelketetan lehen urratsak ematen dabilen Asier Dacosta aretxabaletarra, adibidez, datorren astean.

Martitzenetan, 'Debagoiendarrak mundutik'

Martitzenetan, Eneko Azurmendik izango du txanda Debagoiendarrak mundutik atalarekin. Kolaboratzaile sare berria osatuta, horien bizipenak eta bizitokiak erakutsiko dizkigu, eta, hala, Danimarkara, Portugalera, AEBetara edota Bahametara bidaiatzera gonbidatuko gaitu.

Eguaztenetan, 'Debagoienean egina'

Eguaztenetan izango du lekua ikasturteko erreportaje sorta berriak: Debagoienean egina. Iñigo Barrena kazetariak bailarako fabrika barruetara eramango gaitu, horietan zer eta nola egiten duten erakusteko. Enpresa-izenaren atzean dagoen izana ezagutzeko aukera paregabea.

Eguenetan, 'Luzapena'

Kirolariak izango dira eguenetako protagonistak. Kirolari debagoiendarrekin patxadaz ariko da Mireia Bikuña, Luzapena erreportaje sortarako. Hurrengo asterako, esaterako, txirrindularitza utzi berri duen Xubane Garairekin egin du hitzordua.

Egubakoitzetan, datu kazetaritza eta 'Elkartean'

Eta nobedadeekin datoz egubakoitzak ere: astez aste txandaka, lekua egingo diete datu-kazetaritzari eta eskualdeko elkarteei. Amaia Ramirez de Okariz Kortabarriak izango du gaurkotasuneko gaiak datuz lagunduta aurkezteko ardura; Aitor Agiriano Arresek, berriz, bateko eta besteko elkarteak beste modu batera erakusteko erronka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak