Miguel Lazpiur eta Eduardo Zubiaurre omendu dituzte Confebasken 40. urteurrenean

Itziar Larrañaga Sarasola 2023ko urr. 10a, 19:12

(Argazkia: Confebask)

Confebaskek 400 gonbidatu inguru batu zituen atzo, bere 40. urteurren ospakizunean. Ekitaldi horretan, omenaldi berezia egin zieten Confebaskeko zortzi presidente ohiei, horien artean, Miguel Lazpiur bergarra eta Elgetan bizi den Eduardo Zubiaurre.

Bilboko Guggenheim museoan izan zen ospakizun ekitaldia eta euskal erakunde, enpresa, politika eta gizarteko pertsona ezagunak elkartu ziren. Bertan izan ziren, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Tamara Yague Confebaskeko presidentea edota Antonio Garamendi CEOEko presidentea, eta Confebaskeko batzorde exekutiboa eta kontseilu nagusia.

Yaguek lankidetza publiko-pribatuan jarri zuen fokua bere hitzaldian, eta, Confebaskeko presidente ohiek une bereziki zailetan erakundea gidatzeko erakutsi duten "konpromiso pertsonala" eskertu zuen. Halaber, enpresariaren zereginak gaur egun duena baino "aitortza sozial handiagoa" merezi zuela aipatu zuen.

Omenaldia

40. urteurreneko ekitaldian Confebaskeko zortzi presidente ohiei omenaldia egin zieten: Jose Maria Vizcaino –2005ean hil zen–, Baltasar Errazti, Roman Knörr, Miguel Lazpiur, Miguel Angel Lujua, Roberto Larrañaga, Eduardo Zubiaurre eta Isabel Busto. Baita Confebasken enpresen erakunde fundatzaileei ere: Adegi (Gipuzkoa), Cebek (Bizkaia) eta SEA-Arabako Enpresak (Araba).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak