Kategoria estreinatzeko gogoz daude bi taldeak

Xabier Urtzelai 2023ko urr. 6a, 12:00

Oñatiarrak eta bergararrak, iazko derbian.

Gipuzkoako Txapelketatik Euskadiko bigarren mailara igo dira Soraluce BKE eta Biotz Aloña Mendi; denboraldiaurrea luzea egin zaie denei, lehiarako gogoz daude-eta. Bergararrek hasiko dute liga etxean, eta oñatiarrek Azpeitian.

Gainontzeko kategoriek baino beranduago hasiko dute Euskadiko bigarren mailakoek liga, eta bergararrak eta oñatiarrak dagoeneko urduritzen hasita daude maila estreinatzeko deseatzen daudelako. "Batetik, Euskadiko Txapelketara igotzeko erabakia hartu genuenetik hilabeteak pasa direlako", dio Xabat Irazola bergararrak. "Eta, bestetik, gure jokalariei benetan gustatzen zaiena partiduak jokatzea delako", gaineratu du Aitor Ugarte oñatiarrak.

Hamarkada bat pasa berri da oñatiarrek herriko saskibaloiaren loraldia bizi izan zutenetik –2013ko maiatzean jaitsi zen taldea EBA mailatik–, eta azken urteotan bai mahoneroak eta bai txantxikuak Gipuzkoako lehenengo mailan lehiatu dira. Bada, aurtengo derbiak Euskadiko Txapelketan jokatuko dituzte.

Bergararrak, indartuta

Irazolak dio Bergara ondo indartu dela Euskadiko Txapelketara begira. Venezuelatik etorri da Carlos Daniel Antivero, eta 22 urteko gazteak badaki Venezuelako selekzioaren elastikoa janztea zer den –16 urtez azpikoen mailan–. "Eta horrekin batera azken urteotan Arrasateko Ointxe! klubean jokatzen ibili diren Josu Martinez eta Eneko Munarriz bergararrak ere etxera bueltatu dira. Horiek maila nazionalean jokatu dute, eta EBA mailan ere inoiz lagundu izan diote lehenengo taldeari. Esperientzia hori oso baliagarria izango zaigu Euskadiko Txapelketarako". Hala, mahoneroek Gasteizko ICS Ebaki Solutions-en kontra jokatuko dute domekan (18:30). "Ligako oilarretako bat izan daiteke; ez ditugu jokatzen ikusi, baina badakigu talde sendoa dutela. Aste batzuk beharko ditugu gure maila liga honetan zein den ikusteko".

Oñatiarrek, Iraurgiren kontra

Biotz Aloña Mendikoek ez dute liga hasiera erraza izango, Iraurgiren kantxan jokatu beharko dute-eta (zapatua, 18:00). "Taldea oso motibatuta dago, baina ez gaude momentu onenean, jokalariren bat gaixo dagoelako, beste bat min hartu berri... Ez da Iraurgi moduko talde indartsu baten kantxara joateko modurik onena; klub moduan ere Gipuzkoako onenetakoa da. Baina ez dago aitzakiarik, daukagun onena ematen saiatuko gara", dio Ugartek. Azpeitiarrak azkar jokatzen saiatuko direla aurreikusten du entrenatzaile oñatiarrak. "Eta guk ere halaxe jokatzen dugu, baina oraingoan jokoa lasaitzea komeni zaigu, euren erritmoa kutsatzen badigute... Ez dugu aukera handirik izango. Iraurgiko jokalariak ez dira bereziki altuak, baina intentsitate handiarekin jokatzeko kapaz dira, ea guk barne jokoa baliatu dezakegun".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak