Derbiak beti derbi, eta gaurkoa ez da gutxiago izan. Markagailuak 6 eta 2koa erakusten badu ere, eskoriatzarrek ez die gauzak horren erraz jarri etxekoei. Atsedenaldira hiru eta hutseko errentarekin iristea nahi izan dute Aitor Cortizasen mutilek, baina lehenengo zatiko azken minutuetan markagailuko tartea txikitu dute eskoriatzarrek eta horrek indarra eman die bigarren zatiaren hasierarako.
Asko estutu dute Mikel Alkaideren mutilek atsedenalditik bueltan, eta bigarren gola sartu badute ere, ez dute lortu markagailua berdintzea. Atezain-jokalaria ateratzea erabaki du eskoriatzarren entrenatzaileak taldea berpiztuko zuen txinpartaren bila, baina horren ostean etorri dira arrasatearren gol erabakigarriak. Hiru puntuak, beraz, Musakolan gelditu dira.