Galder Barbado eta Aitor Zelaiaren espetxeratze aginduaren aurkako mobilizazioak egin dituzte

Txomin Madina Milikua 2023ko ira. 22a, 20:59

ANkerkeria Stop plataformak deituta Bergaran manifestazioa egin dute iluntzean herriko kaleetan; Aretxabaletan, aldiz, elkarretaratzea. "Aitor eta Galder aske! Euskal Herriak aurrera! ANkerkeriari Stop!" izan da bietan erabilitako leloa.

Galder Barbadok eta Aitor Zelaiak joan den astean espetxeratze agindua jaso zutela eta, mobilizazioak egin dituzte gaur iluntzean Bergaran eta Aretxabaletan ANkerkeriari Stop plataformak deituta. 2019an atxilotu zituzten Barbado eta Zelaia, eta 2021ean, lehergailuak egiteko materiala izatea leporatuta, Audientzia Nazionalak  lau urteko kartzela zigorra, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri zien.

Bergarako manifestazioa San Martin plazan hasi eta bukatu da, eta mobilizazioaren ostean adierazpen bat irakurri dute. "Injustizian oinarritutako espainiar makinaria errepresiboaren erasoa jasan behar izan dugu berriz, espetxe zigorra ezarriz bi euskal militante politikori", salatu dute, eta gaineratu: "Argi daukagu ez dela soilik bi gazte militante konprometituen kontrako erasoa baizik eta bakea eta askatasunaren bidea egunez eguneko lanarekin eraikitzen ari den herri baten kontrakoa. Errezeta zaharrarekin gaur egungo Euskal Herria eraikitzen ari garenon kontrako erasotzat ulertu behar dugu".

Era berean, elkartasuna adierazi diete gaur goizean Bilbon eta Gasteizen egin diren mobilizazioetan atxilotu eta identifikatu dituzten gazteei eta irailaren 30ean Gasteizko Artium museotik abiatuko den mobilizazio nagusiarekin bat egiteko dei egin diete bergararrei.

Aretxabaletan, elkarretaratzea

Bergarako manifestazioan bezala, "Aitor eta Galder aske! Euskal Herriak aurrera! ANkerkeriari Stop!" izan da Aretxabaletako Mitarte kalean egin duten elkarretaratzearen leloa. Bertan ere egin dute Gasteizko mobilizazio nagusian parte hartzeko deia.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak